Eragile nahiz alderdi politiko ugarik plazaratu dituzte euren aldarriak aurtengo Aberri Egunean. Azken urteetan egin bezala, Bilboko eta Iruñeko kaleak hartu dituzte EAJk eta EH Bilduk, hurrenez hurren. Bagira-k, Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzaleak, abertzaleen batasunera dei egin du Donibane Garazin, eta Jardun koordinakundeak egun osoko egitaraua antolatu du Gernikan. "Herritaren aktibazioa" sendotu nahi duela adierazi du Gure Esku-k.
Euskal Herriko txoko ugarietako kaleak aldarriz bete dituzte eragile nahiz alderdi politiko ugarik igandean, 2025eko Aberri Egunean. EH Bilduk esan du 15.000 lagun bildu dituela Iruñean, askatasunaren nazioa gara lelopean, eta Arnaldo Otegi idazkari nagusiak "Euskal Herria naziotzat daukaten guztiei" berdinen euskal errepublikaren alde lan egiteko dei egin die. Gazte ugari batu dira koalizio subiranistak deitutako mobilizaziora, Ernaik asteburuan zehar antolatutako Gazteon eskutik topagunearen harira.
Gazte antolakundearen arabera, 3.000 gaztetik gora bildu dira azken egunetan Berriozarren (Nafarroa), eta Otegik balioan jarri du euren lana: "Ez baitago askapen prozesurik gazteak ez badira bide horretara gehitzen". Duela 50 urte fusilatuak izan ziren Txiki eta Otaegi ere gogoan izan ditu EH Bilduko idazkari nagusiak: "Inork ez du geldituko berdinen errepublika bat sortzeko euskal herriaren borroka, inork ez du udaberria oztopatuko".
Lehena Ortuzar eta Pradalesentzat
EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidente izendatu zutenetik ospaturiko lehen Aberri Egunean, Aitor Estebanek aldarrikatu du EAJk 40 urte baino gehiago daramatzala "nazio anbizioa erakusten", alderdi jeltzaleak Bilbon egin duen ekitaldian. Estebanek ezker abertzalearentzako hitzak ere izan ditu bere hitzartzean; azken aldian EAJren antza hartu nahi izatea leporatu dio.
Imanol Pradalesentzat ere lehen Aberri Eguna izan da Eusko Jaurlaritzako lehendakari denetik. Estebani eta Andoni Ortuzar EBBko presidente ohiari eskerrak eman ondoren, hark ere hitzartzea baliatu du ezker abertzalearen aurka egiteko. Hain zuzen, aberria ez dutela modu berean ulertzen eta "gure etxearentzat eta gure gizartearentzat" eredu ezberdinak dituztela azpimarratu du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak.
Bagira-k "indarrak batzera eta norabide berean lan egitera" dei egin du
Hirugarren urtez, Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzaleak bat eginda ospatu du Aberri Eguna, Donibane Garazin. "Euskararen aldekoa den proiektu abertzalea lau haizeetara hedatzeko", indarrak batzea eta norabide berean lan egitea aldarrikatu du Bagira-k. EH Bairen autonomia proposamenaren aurkezpena eta Batera dinamikaren itzulera aipatu dituzte azken hilabeteetan eman diren urratsen adibide gisa, baina pauso gehiago eman behar direla azpimarratu dute.
Jardunen arabera, "zapalduen batasunak bakarrik ahalbidetuko du Euskal Herriaren askapena"
Jardun koordinadorak Gernika (Bizkaia) hautatu du Aberri Egunaren harira egun osoko egitaraua antolatzeko, eta Euskal Herri langilea batu lelopean manifestazioa egin dute eguerdian. Antolakundeak azaldu du "askatasunerako bidea" ez dela Frantziako eta Espainiako instituzioetatik etorriko, eta langileen batasuna estatu horiekiko konfrontazioaren gainean eraiki behar dela. Hain zuzen, Euskal Herriaren etorkizuna zapalduek eraiki behar dutela aldarrikatu dute, burgesia "eroso" baitago 'statu quo'-an.
"Herritarren aktibazioa" sendotu nahi du Gure Esku-k
Ekainaren 7an manifestazioa egingo du Gure Esku plataformak Bilbon, Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki leloa hartuta. Plataformak euskal herritarrei "haien errealitatera egokitutako etorkizuneko soluzioak eskaintzeko" baliatu nahi du eguna, eta adierazi du Aberri Egunak "argi" utzi duela "herri gisa jauzi egiteko aukera" dagoela: "Burujabetza agenda politikoan dago. Gero eta begi bistakoagoa da autogobernu baliabideak behar direla gure hizkuntza, kultura eta herri nortasuna zaintzeko".