argia.eus
INPRIMATU
Aldaketekin hasi dute ikasturtea Ipar Euskal Herriko ikasleek
  • Irailaren 1ean ekin diote 2022-2023 ikasturteari Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin, COVID-19aren aurkako neurririk gabe. Berrikuntza gehiago ere izan dituzte: Seaskako ikastola eta kolegioetan ehun ikasle gehiago dituzte, eta Irisarrin, Larrainen eta Barkoxen murgiltze klase berriak irekiko dituzte, besteak beste.

Leire Artola Arin 2022ko irailaren 01
Beskoitzeko ikastolako haurrak 2016an. / Argazkia: Beskoitzeko ikastola.

Amaitu dira udako oporrak Ipar Euskal Herriko haur eta gazteentzat. Irailaren 1ean hasi dituzte klaseak, azken bi ikasturteekin alderatuz gero aldaketa nabarmen batekin: ez dute COVID-19aren aurkako neurri berezirik bete beharko. Hiru ikasletik bik sare publikoan ikasiko du, eta hirutik batek euskaraz (murgiltze ereduan edo sail elebidunean), Naiz.eus atariak zehaztu duenez.

Seaskako ikastola eta kolegioei dagokienez, Peio Jorajuria presidenteak Euskadi Irratiari jakinarazi dio aurten iaz baino ehun ikasle gehiago izango dituztela Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdin. “Desafio handia” dela aitortu du, baina erronkei aurre eginez segiko dutela; besteren artean baxoa eta brebeta azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea lortzeko borrokan jarraituko dute. Halaber, Jorajuriak azaldu du Senperen (Lapurdi) kolegio berria irekitzeko lanetan hasi direla. 2023-2024 ikasturterako prest izatea aurreikusten dute.

Murgiltze eredua ikastetxe gehiagotan

Berritasunekin hasi dira murgiltze ereduan ere: Irisarrin, Larrainen eta Barkoxen murgiltze klase berriak izango dituzte. Irisarri (Nafarroa Beherea) izango da lehena euskarazko murgiltze klaseak eskainiko dituena lehen mailako ikasleentzat, orain arte ama eskolan soilik eskaintzen baitzen. Julie Pons eskolako zuzendariak Kazeta.eus hedabideari adierazi dio “garaipena” dela, “mobilizazio azkar baten erantzuna”, hain zuzen. “Eskola publikoaren aldaketaren hastapena” izatea espero du Ponsek.

Larrainen eta Barkoxen (Zuberoa) euskarazko eskaintza izango da ama eskoletan, eta murgiltze ereduan ikasiko dute estreinakoz herri horietako haurrek.

Ziburun lokal berriak, Beskoitzen kabitu ezinik

Ziburuko (Lapurdi) eskola publikoko ikasleak hiru eraikinetan banatuta zeuden, baina aurten denak bateratu dira Marinela eskolako lokal berrietan. Eneko Aldana auzapezaren hitzetan, aldaketa hori egin dute “Ziburuko eskola publikoari dinamika berria emateko”, azken urteetan ikasleak gutxiagotzen ari baitziren.

Bestalde, Beskoitzen (Lapurdi) ez dute ikasturtea nahi bezala hasi. Seaskako Beskoitze ikastolari Herriko Etxeak ez dio eman galdegiten zuena. Ikasleak urtez urte ugaritu direnez (2013an hiru haurrekin hasi ziren), tokia txiki geratu zaie, eta 54 ikaslek 400 metro koadroko eremuan ikasten segi beharko dute, hiru prefabrikatutan.