argia.eus
INPRIMATU
Aldaketak LOMCEn: erlijioak eta itunpeko ikastetxeek pisu gutxiago izango dute
  • Hezkuntzako eta lanbide heziketako ministroak LOMCEri egingo dizkion aldaketak zehaztu ditu Diputatuen Kongresuan.

Asier Gonzalez de San Pedro @asiertxiki98 2018ko uztailaren 12a
Isabel Celaa Diputatuen Kongresuan (Argazkia:EiTB)

Batez ere, erlijio irakasgaiari eta itunpeko ikastetxeei eragingo die. Erlijioaren notak ez du baliorik izango eta ikastetxe publikoei lehentasuna emango die itunpekoen aurrean.

Hezkuntza Batzordeko bere lehen agerraldian Isabel Celaák gainontzeko taldeak gonbidatzen ditu akordio bat bilatzera. Gehitu du Gobernuak  “arazo gehien” eman dituzten puntuak aldatu nahi dituela.

Lege organiko bat onartu nahi du, bere ustez besterik gabe aldatzeak ez lukelako zentzurik izango.

Celaak lehentasuna eman nahi dio eskola publikoari.Itunpekoa “osagarria” dela esan du: “Itunpekoak egon daitezke ala ez, baina eskola publikoa bai ala bai egon behar da, bestela Estatuak ez du bere egitekoa betetzen”.

LOMCEren 122, 127 eta 135 artikuluak aldatu nahi ditu, erkidegoek aukera izan ditzaten eskola publiko eta itunpekoen eskola kontseiluetan parte hartzeko.

Murrizketen harira ratioak jaitsiko direla esan du, baita irakasleen eskolako ordutegia eta irakasle bat ordezkatzeko baja egunak ere. Errebalidak ere alde batera utziko ditu eta diagnosi frogak itzuliko dira Lehen Hezkuntzako laugarren mailara eta Bigarren Hezkuntzako bigarren mailara.

Lanbide heziketari dagokionez, Lanbide Heziketako Legea sortu nahi du, hezkuntza, lanbide eta garapen ekonomikoko politikak lotzen dituena.