Aldaketa mugatuak eta jarraikortasuna gobernuan


2024ko apirilaren 22an - 13:22
Argazkia: EAJ

EAEk alderdi biko sistema inperfektu bat du: EAJk eta EH Bilduk 27na jarleku atera dituzte, parlamentarien %72 eta botoen %68. Ezker soberanistak inoiz atera dituen emaitzarik hoberenak lortuko ditu, Gipuzkoa eta Araban lehen indarra izan da eta 345.000 boto inguru eskuratu ditu. Baina, aldeko olatua surfeatuta, gutxi-asko hori zen iragarri ziezaiokeen boto kopuru gutxienekoa: 2023ko Foru Hauteskundeetan ateratakoa baino 55 mila boto gehiago.

ARGIAn hauteskunde egunean iragarri genuen moduan, partaidetza %60 ingurukoa izan balitz, EH Bilduk lortu duen babesa jarleku eta bototan garaipena lortzeko nahikoak izan zitezkeen, baina partaidetza %63ra gerturatu da. Horrek bototan EAJren garaipena esan nahi zuen, eta jarlekuetan EH Bilduk irabazi bazezakeen ere, azkenean ez du lortu, partaidetza desorekatua izan delako herrialdeen artean. Bizkaian egon da parte-hartze gehien, EAJ hobekien sustraitua dagoen herrialdean. Jeltzaleek Bilbo Handian oinarritu dute beraien garaipena, Bilbon bakarrik 27 mila botoko distantzia atera dio EH Bilduri, ia EAEn atera dion guztia.

"Gobernuak gehiengo osoa berritu duenez EAJ eta PSE irabazle nagusiak dira. Hori baitzen hauteskundeetako borroka nagusia."

PSEren emaitzak ez dira hain onak kontuan hartzen badugu Espainiako Gobernuan daudela eta aurreko hauteskundeetan garaipena lortu zutela ia 300.000 botorekin. Bederatzi hilabete beranduago erdia besterik ez dute lortu, nahiz eta ezker konfederala ia desagertuta egon. Jarleku kopurua 2012an zituen hamaseietatik urrun dago. Baina, ikuspegi kualitatibotik, hauteskundeetako irabazle nagusietako bat izan da. Alderdi bi eta erdiko sistemetan hirugarren alderdiak gehiengo osoa ematen du eta horrek botere handia ematen dio.

Eskuin espainolistak emaitzak hobetu ditu. PPk Espainiako olatua hartu eta jarleku bat gehiago eskuratu du zapore gazi-gozoarekin, izan ere, Voxek bere ordezkaritzari eutsita PPk ez du eskuin unionistaren monopolioa izango.

Elkarrekin-Podemos legebiltzarretik kanpo geratu da eta Sumarrek ozta-ozta diputatu bakarra lortu du. Bien artean %6 atera dute, elkarrekin aurkeztu izan balira hiru eta sei jarleku artean eskuratuko lituzkete, akaso nahikoa EAJ-PSEk gehiengo osoa galtzeko.

Hori baitzen hauteskundeetako borroka nagusia. Gobernuak gehiengo osoa berritu duenez, EAJ eta PSE irabazle nagusiak dira. Horrek ondorioak izango ditu koalizioaren joko logiketan. Jeltzaleek epe ertainean segurtatuta dute pibote nagusia izaten jarraitzea. Bien bitartean, EH Bilduk, hauteskunde ekologiari begiratuta, sekulako emaitzak izan baditu ere, Eusko Legebiltzarrean maniobratzeko aukera gutxi izango du, ia bakarrik geratu baita ezkerrean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAEko hauteskundeak 2024
Joera kontrajarriak?

“Inoizko [EAEko] parlamenturik abertzaleena” vs. “Independentismoa minimo historikoetan dago”. Bi baieztapen horiek azken aldian entzuten ditugu, eta areagotu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan apirilaren 21ean izandako hauteskundeen ondotik. Bi esaldi... [+]


Eguneraketa berriak daude