argia.eus
INPRIMATU
“Aldaketa gutxi” EAJren eta PSOEren erreforma proposamenetan
  • EAJren eta PSOEren eskariz, Espainiako Kongresuak erreformatu egingo du Mozal Legea. PPk iragarri du ez dagoela ados erreformarekin, baina negoziatzeko prest dagoela, eta gertuago dagoela EAJren proposamenetik PSOErenetik baino. Hemen No Somos Delito plataformatik erreformaz egindako irakurketa.

Xabier Letona Biteri @xletona 2017ko martxoaren 22a
Mozal Legearen aurkako protesta Madrilen. (Arg.: Diagonal)

No somos delito plataforma Espainiako Estatu osoko 100 taldetik gora elkarte eta erakundek osatzen dute eta Mozal Legearen aurkako borrokaren aitzindaria da estatuan. Kezka agertu dute PSOE eta EAJ saiatzen ari direlako estatuko herritarren %80k arbuiatzen duen Mozal Legea aldatzen, “baina funtsean ezer aldatu gabe eta, gainera, herritarren segurtasunari buruzko eztabaida sakona saihestuz”, diote mugimendutik. Ondorengo lerroetan, bi alderdi horiek erreformarako prestatutako testuetan mugimendu honek ikusten dituen alde txarrak azaltzen dira.

Haien ustez, PSOEren proposamenak Mozal Legearen eta Corcuera Legearen (1992) txarrena biltzen du, kontzeptu juridiko zehazgabeak eta orokorregiak erabiliz, eta herritarra defentsarik barik utziz. EAJri dagokionez, plataformaren esanetan, greba eskubidea eta atzerritarren eskubideak zabaltzeaz mintzo da azalpenetan, baina ondoren ez ditu kontzeptuok garatzen artikulatuan.

Polizien esana froga da

“Herritarren segurtasunaz EAJk duen ikuspegia oso kezkagarria da: maila berean jartzen ditu oinarrizko eskubideen babesa eta ondasunena. Haien idatzian, eremu publikoa ‘erabilera eta gozamen publikorako’ esparrua da, eta ez eskubideak bizitzeko espazioa. PSOEk eta PPk ikuskera bera dute, eta herritarren segurtasuna ordena publikoaren mantenuarekin nahasten dute”.

Polizien jardunari buruz, bi alderdiek eskubideak berme handiagoarekin babesteko aukera galtzen dute herritarrei dokumentazioa eskatzerako unea arautzeko proposamenetan, horrela kontrol diskriminatzaileak saihesteko aukera galduz. Bien proposamenetan Mozal Legearen oinarrietako bati eusten zaio: polizien esanak froga gisa balioa duela. Horrekin, praktikan, defentsarako eskubidea galtzen da.

Mozal Legean diren lau arau-hauste oso larrietatik hiru mantentzen dira EAJren proposamenean; zazpi arau-hauste larrietatik zazpiak; eta hamazazpi arau-hauste arinetatik hamar. Azken hauen artean da poliziekiko ‘errespetu falta’, legea indarrean jarri zenetik funtsik gabeko milaka isun ekarri duena. PSOEk lautik hamaikara gehitzen ditu arau-hauste oso larriak; arinetan sei mantentzen ditu eta beste bost gehitu.

Manifestazio eta bilkura eskubideari dagokionez, PSOEren proposamenak oso murriztaileak jarraitzen dute izaten. EAJren testuan ateak irekitzen zaizkie baimen gabeko bilkura bapatekoei, baina beti ere larrialdiko kasuei erantzunez. No Somos Delitokoek gogor kritikatzen dute EAJren testuan inmigranteen kanporatze berehalakoak mantentzea, hau da, gobernuak hala erabakitzen duelako: “Hori txirotasunaren kriminalizazioa da”.

Hobekuntzak

Hobekuntzak ere badira proposamenetan, “baina gutxi”, diote elkartetik, hainbat kasutan PSOEk isunak txikitzen ditu. Aldaketa esanguratsuena hoberako EAJrena da, hainbat kasutarako isunak ezabatzea proposatzen baitu, esaterako, segurtasun indarren argazki ez baimenduak argitaratzeagatik, Kongresua eta Senatuko aurreko bilkurak egiteagatik edota kalea oztopatzeagatik.