argia.eus
INPRIMATU
Poliziari ateak ez dizkio ireki Aldak, okupatzen dabilen Airbnb-ren etxebizitza turistikoan
  • Azaroaren 8an Alda mugimenduak Airbnb-ren apartamentu bat okupatu du Biarritzeko Victoria Surf egoitza turistikoan. Polizia etorri da azaroaren 9 goizean, baina Alda-k ez dizkio ateak ireki. Jabeak egoera erregularizatu arte bertan egonen direla argi utzi dute ekintzaileek. Salatu dutenez, Aribnb-k ez du Biarritzeko Herriko Etxearen araua betetzen, honen arabera, ezin baita ostatu turistikorik iragarri erregistro zenbakirik gabe. Zazpi astean okupatu duen hirugarren apartamentua da, eta iragarri dutenez okupazioari eutsiko diote Airbnb-k bere etxeak erregularizatzen dituen arte eta urte osokoak diren alokairuaren prezioak babesteko konpentsazio neurriak ezartzen diren arte.

ARGIA @argia 2021eko azaroaren 09a
Argazkia: @euskalirratiak.

Alda mugimenduak azaldu duenez, okupatutako apartamendua ez da ausaz hautatutakoa. Biarritzeko udaletxetik eta komisaldegitik gertu dago, eta beraz, haiek ere erraz frogatu ahal izan dute bere iragarkiak ez duela herriko araudiak eskatzen duen erregistro zenbakirik.

Bere kudeatzailea den Margaux-ek guztira 5 egoitza turistiko kudeatzen ditu, 2 Biarritzen eta 3 Baionan, eta hauetako bakar batek ere ez du erregistro zenbakirik. Pisu horietako bat da hain justu Aldak iragan ekainean okupatu zuena, izan ere, bertan Baionako bikote gazte bat bizi zen eta hauek kaleratu egin zituzten alojamentu hori turismora bideratzeko, erabat modu ilegalean: erabilera aldaketarako baimenik gabe, erregistrorik gabe... Baionako Herriko Etxeak abisu formal bat igorri zion jabeari abuztuan, baina jarraitzen du Airbnb-k modu ilegalean alkilatzen, oraindik ere erregistro zenbakirik gabe.

Okupatu duten Airbnb-ren pisua. Argazkia: @euskalirratiak.
Turismorako jori, bizitzeko larri

Aldako Xebax Christy bozeramaileak salatu duenez, "bukatu egin behar dugu Euskal Herrian Airbnb bezalako plataformek agerian egiten dituzten milaka iruzurrak". Airbnb-k Ipar Euskal Herriko alokairuen publizitateen erdia biltzen du, eta horrek azaldu dezake zergatik den hain eskas Biarritzen bizi eta lan egin nahi duten pertsonek dituzten alokairu aukerak.

Aldak Biarritzeko Herriko Etxeari eskatu dio Airbnb plataforma auzitara eraman dezala, behin eta berriz eta deliberatuki urratzen duelako legea: "Zein beste enpresa mota edo herritarrek ahalko lukete legea modu deliberatuan eta denen bistan urratu, 2017tik modu sistematikoan, kontrako prozedura judizial bakar bat jaso gabe? Nola onartu dezakete behe mailako jendeek tratu desberdin hau?".

Azaroaren 20an manifestazioa Baionan

Ehun pertsona ezagunek eta hogeita hamarrretik gora gizarte eragilek manifestazioa deitu dute azaroaren 20rako. Baionan izango da, 15:00etan. Aldako bozeramaile Ainize Butron_ek adierazi duenez: "Mobilizatzeko garaia da, Euskal Herriko krisi inmobiliarioa mantsotzeko berehalako neurriak eskatzeko. Konpentsazio neurriak eskatu behar ditugu urte osoko alokairuaren stocka babesteko, herritar xehenek aukera izan dezaten bertan bizi eta lan egiteko".