argia.eus
INPRIMATU
Alconzako langileek Irizar Taldearen “kudeaketa negargarria” salatu eta grebara joko dute
  • Berangoko Alconza enpresako zuzendaritzak lantaldeko 38 lagun kaleratzeko espedientea zabaldu duela-eta, langileek grebara joko dute astelehenetik aurrera. Salatu dute Irizar Taldeak 2013an enpresa bereganatu zuenetik lan-baldintzak prekarizatu baino ez dituela egin.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 24a

"Urteak daramatzagu lanpostuak eta lan baldintza duinak bermatuko dituen negozio bideragarri bat eta plan industrial bat erreklamatzen Irizar Taldeari", azaldu dute Alconzako langileek; baina euren esanetan itsasontzientzako motorrak egiten dituen Berangoko enpresarentzat iragarritako "berrekite plana" aitzakia bat baino ez da, "lanpostuen suntsiketa" ekarriko duena.

Alconzako zuzendaritzak 38 langilerentzako Enplegua Erregulatzeko Espedientea (EEE) aurkeztu du, gaur egun lantaldea osatzen duten 98 langileen herena baino gehiago da hori. Sei urtez galerak izan ondotik, neurriak hartu nahi ditu hiru urte barru errentagarri izaten hasteko.

Aitzitik, errentagarritasun hori beste modu batean aurkitu du Irizar Taldeak langileen ustez: euren bizkar. "2013an erosi zuen Alconza taldeari balio erantsi bat eman ziezaion. Irizar Alconzan sartu zenean 250 langileko enpresa zen, merkatuan erreferente eta errentagarritasun handikoa. Baina egindako kudeaketa negargarriak egun bizitzen ari garen egoerara ekarri gaitu", azaldu dute.

Hala, euren esanetan, langileen lan-baldintzak prekaritzatu dituen bitartean –2020an soldatak %15 jaistea proposatu zuen, esaterako–, enpresa bereganatzekoan aurkitu zituen 10 milioi euroen adina mozkin banatu ditu Irizarrek mozkinetan: "Alconza erosi zuenean zer bilatzen zuen Irizar Taldeak?", galdetu dute.

Langileek adierazi dute ez dutela onartuko lanpostuak suntsitzen dituen plan industrialik, eta otsailaren 28tik aurrera greba mugagabeari ekingo diote.