Euskal Herriko 65 irakurle taldek Mikel Albisuk egiten duen dinamizatzaile lanarekin jarraitzea eskatu diote Nafarroako Gobernuari. Sostengu agiria astearte eguerdian aurkeztu dute Iruñeko Laba elkartean.
Foru gobernuko Kultura Departamentuak eskatu die Nafarroako iparraldeko hainbat udali utz dezatela Mikel Albisurekin irakurle taldeak dinamizatzeko duten elkarlana. Horri erantzunez, joan den astean Aurizberriko irakurle taldeak agiri bat zabaldu zuen, eskatzen Mikel Antzari –hori da Albisuren izen literarioa– bakean uzteko lan egiten eta, bide batez literatura ere bakean uzteko.
Astearte eguerdiko agerraldian hainbat irakurle taldeen agiriaren berri eman dute Mikel Tabernak, Garazi Arrulak, Ines Castiellak, Josu Jimenezek eta Sagrario Alemanek, bostak euskal letren munduan hainbat zereginetan aritzen diren izen ezagunak. Aurizberriko irakurle taldeak egindako atxikimendu deiari erantzutera datozela zehaztu dute.
“Izan ere –diote agirian– adierazpen horri irakurle taldeetako 37 dinamizatzaile eta 276 irakurle atxiki gatzaizkio, eta batzuon eta besteen artean Euskal Herri osoko 65 irakurle taldetako partaideak ageri gara zerrenda horretan. Epizentroa Aurizberrin izan zuen lur mugimendu honek, Tafallatik Baigorrira, Lekeitiotik Pasaiara, eremu asko zeharkatu ditu. Azpimarratu nahi dugu Nafarroakoak direla ia herena, hogei irakurle talde (hemeretzi Nafarroa Garaikoak, bat Nafarroa Beherekoa). Uste dugu Nafarroako Gobernuak bereziki aintzat hartu behar lukeela datu hori”.
Mikel Antza 1980ko hamarkadatik egindako lan literarioengatik ezaguna dela azpimarratu dute eta orain Covite biktimen elkarteak lan egiteko eskubidea ukatu nahi diola. Orain, gainera, “Nafarroako Gobernuak, elkarte horren nahia besterik gabe onartzerakoan, epaitegi bati legokiokeen papera hartu du, herritar libre bat zigortu dezaten eskatuz”.
Agiriaren sinatzaileek eskatu diote gobernuari berrikus dezala hartutako erabakia, eta atzera egin dezala, “edozein herritarri bezala askatasunez aritzen utziz Mikel Antzari, literatur jardunean eta irakurle taldeen dinamizazioan oztoporik jarri gabe. Zeren eta, zeregin honetan aritzen garen guztion kasuan bezala, irakurle taldeetako partaideak baitira gure lanaren neurria zein den erabakitzeko zilegitasuna duten bakarrak”.
Coviteren eskaera Nafarroako Gobernuari
Covitek hilaren 15ean zabaldu zuen Mikel Albisuk hainbat irakurle talderekin egiten duela lan. Elkartearen esanetan, “irakurketa taldeak hausnarketa eta balore transmisiorako guneak dira, eta plataforma hori ETAko kide bati ematea, irain handia da biktimen memoria eta duintasunerako”. Consuelo Ordoñez biktimen elkarteko kidearen ustez, gainera, egoera are larriagoa da, kontuan hartuta “bere koordinatzaile kargua ‘Mikel Antza’ ETAko bere goitizenarekin aurkezten duela; hori bere ibilbidearen aldarrikapen osoa da”.
Gaurko agerraldian adierazi duten moduan, ordea, Albisu etakide izan aurrekoa da Mikel Antza goitizen literarioa, eta 80ko hamarkadan hainbat lan sinatu zituen jada izen horrekin, hala nola, Suzko gezi bat bezala (1983), Lehen bilduma 82-84 (1985) eta Odolaren usaina (1987).
Coviterentzat, Albisurekin lan harreman hori duten udalen jarduera “lotsagarria” eta “inmorala” da. Hurrengo urratsean, eta Covitek hala eskatuta, Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak Albisurekiko lan harremana eteteko eskatu zion Aurizberriko liburutegi publikoari. Eskaera horren oinarri gisa Nafarroako Elkarbizitzarako Plan Estrategikoa aipatzen du zuzendaritzak, baina aipatu gabe Albisuk irakurle talde horren dinamizazioarekin plan horren zein atal urratzen duen.
Ahotsa.info-ko ondoko bideoan ikus liteke agerraldia: