argia.eus
INPRIMATU
Albistegi koralagoekin eta 200 kolaboratzailerekin abiatu da Euskalerria Irratiaren denboraldia
  • Euskalerria Irratiko sortzaile eta zuzendari historiko Mikel Bujandak erretiroa hartu du. Zehazki martxoan hartu zuen, pandemiaren erdian, baina etxetik kronikak bidaltzen segitu zuen udara arte. Gauzak horrela, astelehenean, hilaren 21arekin, irrati iruindarrak Mikel Bujanda gabeko lehen denboraldia hasiko du, duela 32 sortu zenetik, 1988ko azaroaren 7tik. 

Euskalerria irratia @fm983irratia 2020ko irailaren 21a

Bujandak goizeko zein eguerdiko albistegiak editatzen zituen. Goizekoaren gidaritzan Juan Kruz Lakastak hartuko du lekukoa. Eguerdikoarenean, Haritz Pascualek. Denboraldi honetan ere, Euskalerria Irratia izanen da Iruñerrian ekoizpen propioko programaziorik zabalena eskainiko duen irratia, gaztelaniazkoak barne, jakina. Albistegiekin batera, magazinek osatzen dute programazio horren bizkarrezurra, haien 200 kolaboratzaileekin.

Albistegi koralak

Bujandak utziriko zuloa estali aldera, albistegi koralagoak egiten ahaleginduko dira Lakasta eta Pascual; batetik, lan talde osoarekin, albistegietako zein magazinetako kazetariekin sinergia berriak sortuz; bestetik, koronabirusak eragindako krisi ekonomiko eta sozialaren kontura beroa aurreikusten den irrati urtean, ahalik eta ahots gehien bilduz, komunitatearen komunikabidea izanez.

Metropoli Foralean, fitxaketa ugari

Goizeko magazinak, Metropoli Foralak, aurten ere Pello Argiñarena eta Juan Kruz Lakasta izanen ditu gidari, goizeko 9:00etatik 11:00etara, astelehenetik ostiralera. Lehen orduan, eguneko gaiei eginen diete tartea, elkarrizketekin, tertuliekin, eta baita umore dosi batekin ere. Bigarrenean, hainbat gai jorratuko dituzte: zinema, serieak, teknologia berriak. Kolaboratzaile taldea are gehiago zabalduko dute. 130etik gora izanen dira guztira. Fitxaketa berrien artean daude Arantza Santesteban, Fermin Etxegoien, Olatz Urkia, Koldo Almandoz, Amaia Alvarez eta Mikel Reparaz.

Irrintzi Plazan, informazio gehiago

Azken orduko informazioak eta euskararen agendak garrantzia hartuko du irrati urte berrian Irrintzi Plaza saioan. Egunero egunero, Euskalerria Irratiko erredakzioan jasotako berriekin amaituko dute magazina Reyes Ilintxeta eta Lohizune Amatria gidariek. Hori, baina, ez da izanen berrikuntza bakarra. Denboraldi honetan magazina ostiralera arte luzatuko da. Asteari errepasoa egiteaz gain, entzuleak asteburura begira jarriko dituzte ostiralean. Urtero bezala, ohiko kolaboratzaileen ezinbesteko ekarpena edukiko du saioak: 70 inguru izanen dira urte honetan parte hartuko dutenak.

Telegram kanal berria

Telegram kanala sortu du, egunean bitan elkarrizketarik interesgarrienak eta Iruñerriko albiste nagusiak zabaltzeko. Horretaz gain, irratiaren 1.000 bazkideentzako hilabetekaria sortu dute. Posta elektroniko bidez jasoko dute. Telegram kanalean izena eman nahi izanez gero, baliatu honako lotura hau: https://t.me/euskalerriairratia