argia.eus
INPRIMATU
Albistari Grafikoen Elkartea sortu dute argazkilarien lan-baldintzen defentsarako
  • Irudigileek bat egin eta Elkartearen bidez euren lana eta euren profesionaltasuna babestu nahi dituzte.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2018ko azaroaren 29a
NAGE aurkeztu dute gaur argazkilari profesionalek.

Nafarroako Albistari Grafikoen Elkartea sortu dute. Argazkilariek bizi dituzten lan baldintza kaxkarrei aurre egitea dute xede. Irudigileek bat egin eta Elkartearen bidez euren lana eta euren profesionaltasuna babestu nahi dituzte. Komunikabideek gero eta gehiago jotzen dute “utzitako argazkiak” publikatzera, edota, ez dituzte grafismoan aritzen diren profesionalik euren lan-taldeetan. Hori, galderarik gabeko prentsaurreko bat bezala dela adierazi dute Elkarte sortu berriko kideek. ·"Hutsune nabarmena dago editore grafikorik gabeko berripaperetan. Argazkiei ez zaie behar duten arreta eskaintzen", esan du Unai Beroiz argazkilariak.

Argazkilaritza profesionala sustatuko du Elkarteak; Kamerariak kolektiboki batuko ditu; Bazkideen lana bultzatuko du; Babes legala emanen dio argazkilariari; Bazkideen konpromisoa eta elkartasuna sustatuko ditu eta egile eskubideen defentsa eginen du. Erronken artean, besteak beste, nola aurre egin sare sozialetan izaten den irudi uholdeari, alegia, nola bereizi argazki on bat, erdipurdiko batekin. "Argazki on batek mila hitzek esan dezaketena adierazi dezake. Argazki kaxkar batek berriz, ez", nabarmendu du. "Edozein pertsonak egin dezakeen argazki batetik aldendu eta bereizi egin behar da argazkilari profesionala. Ikuspuntua ongi kokatu eta desberdina dena eskaini", azaldu du.

Hogeita hamar lagun ingururekin sortu da Nafarroako Albistari Grafikoen Elkartea, baina, zabalik da nahi duen profesionalak izen emateko.

 

>> Artikulu hau Euskalerria Irratiaren webgunetik ekarri dugu gurera, CC-By-SA lizentziari esker.