argia.eus
INPRIMATU
Alberto Zerain alpinista gasteiztarra omenduko dute mendi martxa baten bidez
  • Larunbatean abiatuko da Subilla Gasteiztik Manuel Iradier mendi elkarteak antolatutako ibilaldia, 2017an Himalaian zendutako mendizalearen omenez.

Arabako Alea @ArabakoALEA ARGIA @argia 2018ko irailaren 06a
Pakistango Nanga Parbat mendia igotzen ari zela hil zen Zerain. (arg.: Alea)

Hamabost hilabete igaro dira Alberto Zerain (1961-2017) mendizale gasteiztarrak Pakistango Nanga Parbat mendian bizia galdu zuenetik, baina haren oroimena errotuta mantentzen da euskal mendizaleen artean. Horren adibide da larunbatean Manuel Iradier mendi elkarteak antolatu duen mendi martxa. Goizeko zortzietan Subilla Gasteizen abiatuko da 20 kilometro inguruko ibilbidea, eta toki berean amaituko da. Zerain bizi zen herrian, hain zuzen.

Besteak beste, La Tejera muinoa, Bustuko Gana edota Zaldiaran mendietan zehar ibiliko dira mendizaleak. Bost orduko iraupena izango du mendi martxak. Goizeko hamabietan omenaldi txiki bat egingo dute, gainera, Zerainen senitartekoak bertan egongo direla.

Zerainek lorratz luzea utzi zuen eliteko alpinismoan. Egino eta Atxarteko eskalada eskolen bidez barneratu zen goi-mendien munduan eta hamar zortzimilako egin zituen Himalaian. 2008an K2 mendira egindako bakarkako igoerak sona eman zion, egun berean beste espedizio bateko bederatzi mendizale hil eta lau desagertu baitziren ezbehar baten ondorioz.

2017an, Marino Galván mendizale argentinarrarekin Nanga Parbat igotzen ari zela, haien arrastoa galdu zen.

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker osatu eta ekarri dugu ARGIAra.