Apirilaren 6an bete dira bi hilabete Zaldibarren Verter Recycling enpresaren zabortegia erori zela, berarekin eramanaz Alberto Sololuze eta Joaquín Beltrán langileak. Zaldibar Argitu plataformak egun honetatik aurrera iluntzero kazola-jotzeak deitu ditu. Apirilaren 5ean gaueko 21:00etan argitaratu du EITBk berria: Sololuzerena izan daitekeen autoa aurkitu dute bilaketa lanetan ari direnek.
El Correok adierazi duenez, zabor jauzia gertatu zenean Alberto Sololuzeren kotxea zabortegi sarreran zegoen, pisuaren eta etxolaren aldamenean. Hauen denak xehetuta geratu ziren eta kotxea oso urrutira eraman zuen arrastan. Txatarra bihurtuta aurkitu dute kotxea eta Naizek zehaztu duenez, Segurtasun saileko komunikazio arduraduna den Julian Belokik esan die "badirudi Sololuzerena dela, baina oraindik ezin dugu ziurtatu", horretan ari omen dira polizia zientifikoak.
Hemen "erreskate taldeek grabatutako eta EITBri utzitako" irudiak:
El Correoren arabera, bilaketa lanek abiadura handitu dute ateratako lurra biltzeko bi zeldak eraiki dituztenetik. Orain 8:45etik 9:15era egiten omen dute lan bilaketetan ari direnek. Pisua zegoen eremuan ekin zieten bilaketa lanei zabortegia erori zenean, hor uste baitzen egon zitezkeela bi langileak, baina beste zabor jauzi batek harrapatzeko arriskua ere handiena bertan zegoen. Hortik behera lau bilaketa eremu zehaztu zituzten eta horietatik bi eremuta dagoeneko atera beharreko zabor metak erauzi dituztela dio Correok. 70.300 metro kubiko zabor atera eta zakurrekin behatu dituzte.
Eitzaga Etxeberria baserritik ehun metro baino gutxiagora dagoen zelda beste norabait eramatea eskatu dute. Kontuan izan behar baita amiantoz kutsatutako hondakinak direla. Auzotar bakoitzari mediku azterketak egitea ere eskatu dute, eta otsailaren 6an auzotik aterara zituzten biztanleei jarraipena egitea.
Apirilaren 6an hasita, hau da, zabor-jauzitik bi hilabete bete diren egunaz geroztik, gauero 20:30ean bost minutu kazola-jotzera deitu du Zaldibar Argitu plataformak eta ondoren bi kandela piztera, gauero, desagertutako bi langileak aurkitzen dituzten arte. Hainbat musikarik Zaborrezko munstroa kantua ezagutzera eman zuten apirilaren 5ean. Hemen ikusentzungai: