Bere agintaldian egindako krimen ugariengatik eta ustelkeriagatik zigortua, Perun esku gogorra erabili zuen Fujimorik 1990eko hamarkadan. 87 urterekin hil da Keiko Fujimori politikari ultraeskuindarraren aita.
Liman hil da Alberto Fujimori minbiziak jota, irailaren 11n, kartzelatik atera eta bederatzi hilabetera. Bere alaba Keiko Fujimorik eman du horren berri. Fujimori historia liburuetan geldituko da Perun 1992an auto-kolpe bat eman eta herrialdean esku gogorrez agindu zuelako. Urte horietan militarrek giza eskubideen urraketa larriak egin zituzten, eta diktadoreak bere inguruko politikarien artean ustelkeria sare handi bat sortu zuen.
2000. urtean ustelkeria kasuak argitara eman zirenean, Fujimorik ihes egin zuen, lehenik Japoniara eta gero Txilera. Baina urte batzuetara estraditatua izan zen eta gizateriaren kontrako krimenengatik kondenatu zuten 25 urteko espetxe zigorrera. Horietatik hamalau Barbadilloko “presidenteen kartzelan” konplitu eta gero, duela bederatzi hilabete Peruko egungo presidente Dina Boluartek indultu “humanitarioa” eman zion. Amerikarteko Giza Eskubideen Auzitegiak ebatzi zuen presidente ohia aske uztea “akatsa” izan zela.
Gizateriaren kontrako krimenengatik kondenatu zuten 25 urteko espetxe zigorrera. Horietatik hamalau Barbadilloko “presidenteen kartzelan” konplitu eta gero, duela bederatzi hilabete Peruko egungo presidente Dina Boluartek indultu “humanitarioa” eman zion
Hamabi milioi perutar pobrezian
Fujimori 1938an jaio zen japoniar etorkinen familia batean. Perun nikkei deitzen diete japoniar jatorriko herritarrei, horietako asko XIX. mende amaieran iritsi ziren herrialdera eta laster hiri handietan ezarri ziren merkataritzan aritzeko. Ingeniaria eta unibertsitateko erretore izana, Fujimorik mezu teknokrata eta aldi berean hizkera xehea erabilita irabazi zituen 1990eko hauteskundeak, Mario Vargas Llosa neoliberalaren aurrean.
Agintea hartu eta berehala neurri gogorrak ezarri zituen krisi ekonomikotik ateratzeko, fujishock bezala ezagun egin zirenak –AEBetako eta Japoniako gobernuek maileguak emateko ezinbesteko baldintza bezala jarri zuten erreforma hori–.
Horien ondorioz, ogia, irina, esnea eta oinarrizko beste lehengai batzuen prezioa lau aldiz garestitu zen egun batetik bestera eta perutarren %57 erabateko pobrezian murgildu zen, ia hamabi milioi biztanle. Gainera, pribatizazio basatiei ere ekin zien, baina horiekin lorturiko milaka milioi euroak segituan gastatu zituen estatuak.
“Kongresua desegitea… desegitea erabaki dut”
1992ko apirilaren 5ean presidente perutarrak telebista bidez iragarri zuen Diputatuen Kongresua itxi eta desegitea erabaki zuela; horretarako indar armatuen laguntza zeukan. “Autokolpe” horrekin, modu autoritarioan agintzeko aro berri bati ekin zion, Sendero Luminoso talde armatuaren kontrako borroka aitzakiatzat hartuta.
Urte horietan militarrek giza eskubideen kontrako krimen larriak egin zituzten. Tokiko gobernuetan esku hartu zuten, kazetariak bahitu eta opositoreak hil zituzten. Sarraski ezagunenak La Colina talde paramilitarrak egin zituen 1992an, Pativilcan eta La Cantutan.
Derrigortutako esterilizazioak
Fujimorik zientoka “lege berezi” onartu zituen bere agintaldian. Tartean, nekazarien eta indigenen artean esterilizazio behartuak bultzatzen zituena.
Ustez, helburua zonalde pobreetako jaiotza kopurua murriztea zen eta zenbait kalkuluren arabera 300.000 emakume eta 22.000 gizonezko baino gehiago antzutu zituzten modu horretan. Kasuak auzitegietan amaitu zuen azkenean.
Narkotrafikoan eta ustelkeria kasuetan nahastuta
1993an konstituzio berria onartu zuten Perun eta horrek bidea ireki zion Fujimoriri berriz hautatua izateko. Botere itzela hartu zuen orduan, ondoan Vladimiro Montesinos aholkulari politikoa eta militarra zuela. Horrela sortu zuten ustelkeria sare ikaragarri bat, droga trafikoa ere tarteko.
1996an Vaticano ezizeneko narkotrafikatzaile ezagun batek epaiketa batean egindako deklarazioek piztu zituzten alarma guztiak: esan zuen Montesinosi hilabetero 50.000 dolar ematen zizkiola Kolonbiara kokaina eramaten uzteagatik. Gainera, ejerzitoaren hegazkin batean hauts zuriaren dozenaka kilo atzeman zituzten.
Fujimorik botere itzela hartu zuen, ondoan Vladimiro Montesinos aholkulari politiko eta militarra zuela. Horrela sortu zuten ustelkeria sare ikaragarri bat, droga trafikoa ere tarteko
Agurra telebistaz
2000. urterako Fujimoriren populartasun apurra erabat zikinduta zegoen, hauteskundeen testuinguruan martxa jendetsuak egin ziren bere kontra herrialdearen Suyo edo antzinako Inken inperioko lau puntu kardinaletatik. Gainera, telebistaz zuzenean eman zuten Montesinosek, bere eskuin eskuak, transfuga bat nola sobornatzen zuen.
Hori izan zen Fujimoriren ihesa eragin zuena, eta bere akabera ekarri zuen azken tanta.