argia.eus
INPRIMATU
Albert Memmi hil da, “Kolonizatuaren ezagugarriak” idatzi zuen soziologo antikolonialista
  • 1960ko antikolonialismoaren erreferente ahaztuetako bat hil berri da 99 urterekin: Albert Memmi sortzez tunisiar Frantziaratua. Frankismo betean 1960an abertzaletasunari ezkerretik arnas berria ekarri zion belaunaldi gaztearen erreferenteetako bat izan zen Memmi, Franz Fanon, Ernesto Che Guevara eta abarren artean. Txillardegik euskaratu zion bere obra ezagunena, "Portrait du colonisé".

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 21a
Mugimendu antikolonialisten artean erreferentzietako bat izan zen Albert Memmi 1960ko hamarkadan.

Euskal Herrian oharkabean pasatu da Albert Memmiren heriotza, ziurrenik hura izan zenik ere inork gutxik daukalako oroimenean eta are gutxiagok imaginaturik 99 urterekin bizirik egoten ahal zela gizona. 1960 eta 1970eko hamarkadetako oroimen argia daukan Beñat Oihartzabalek ezagutarazi digu berria, Enbata-n idatzi duen 'Albert Memmi gogoan" obituarioarekin.

Dio Oihartzabalek (frantsesetik itzuli diogu): "Borroka antikolonialisten garai hartan eragin nahiko handia eduki zuten Memmiren liburuetako batzuek, partikularzki 'Kolonizatuaren ezagugarriak' obrak -1957an argitaratua, FLNk Aljerian matxinada hasi ondorengo urtean, Jean-Paul Sartreren hitzaurre batekin-, egoera kolonial baten osagai sozial, politiko, etno-erlijioso edo arrazazkoek baldintzatutako mekanismo psikologikoak aztertu zituen Frantz Fanonen obrek eduki zuten bezala.

Eragin hau ez zen mugatu Afrikako eta bereziki Magrebeko askapen borroken testuinguru geopolitikoetara. Azaldu zen Afrikakoetatik oso ezberdinak ziren beste testuinguru politikoetan ere, esaterako Euskal Herriko edo, Ipar Ameriketan, Quebeceko askapen borroketan.

Txillardegik 'Larresoro' ezizenez sinatuta itzuli zuen Memmiren liburu ezaguna

Euskal Herriari dagokionez, neu izan nintzen lekuko zer nolako zirrara eragin zigun niri bezala nire burkide militante askori soziologo honek kolonizatuaz egin zuen potretak. Halako zorroztasun psikologiko eta kulturalez egina zegoen, ezen eta orduako gazte euskaldunok pentsa baikenezakeen haren erretratuak irudikatzen zuela gure gurasoen eta aiton-amonen belaunaldi 'alienatua' edo 'kontzientziatu gabea' (hala esaten genien orduan, harrokeria puntu batez)".

Orduan 'Larresoro' pseudonimoa erabiltzen zuen (frankisten zentsura pasatu ahal izateko) Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik euskaratu zuen Memmiren obra ezagunena eta Jakin-en argitaratu 1974a, gaur Internetez osorik irakur daitekeena: "Kolonizatuaren ezagugarriak".

Oihartzabalek eman dizkigu Memmi urteotan ahanzturan erori izanaren edo borroka antikolonialetan geroztik aritu direnek hura baztertzeko bi arrazoi posible (hirugarrena, bistakoena, izanik belaunaldien artean memoria historikoaren katean gertatutako etena). Alde batetik, familiaren alde batetik judua zen Albert Memmik ez ziola uko egin sekula sionismoari, nahiz eta deitoratu palestinarrei egindako desmasiak. Eta bestetik, Tunisiak independentzia lortu ostean ez zuela interesik agertu hara itzultzeko eta, aldiz, nazionalitate frantziarraren jabe egin eta kolonoen hizkuntzan idatziz metropolian jaso zituela erakunde akademikoen ohoreak.