argia.eus
INPRIMATU
Madrilek nahiko balu, alarma egoerak jarraitu ahalko luke EAEn edo Nafarroan bakarrik
  • Asteazken arratsalde honetan egingo da Espainiako Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluaren bilera eta han jorratuko da alarma-egoeraren amaiera.

ARGIA @argia 2021eko apirilaren 28a
Sánchez eta Urkullu Madrilen izandako bilera batean.

Pedro Sánchez dagoeneko iragarrita du datorren maiatzaren 9an buka daitekeela azken urte honetan Espainiako Estatuan indarrean izan den alarma egoera. Horrek desadostasunak ekarri ditu hainbat erkidego eta Sánchezen gobernuaren artean. Eusko Jaurlaritzako Bingen Zupiria lehendakariaren esanetan, “gaur egun Sanchezen norabidea eta Urkullurena erabat kontrajarriak dira”. Idoia Mendia lehendakariordeak ere Urkulluren kezkak ulertzen dituela adierazi du Euskadi Irratian egindako elkarrizketa eta EAEn alarma egoerak jarraitzeko aukerari aterak zabaldu dizkio.

Alde horretatik, bai Eusko Jaurlaritzak eta bai Nafarroako gobernuak lege aldaketak egitea eskatuko diote Madrilgo Gobernuari, horrela erkidegoek ere pandemiari aurre egiteko tresna gehiago izateko. Urkullu lehendakariak argi adierazi du EAEn alarma egoerak jarraitzea nahiko lukeela, esate batera etxeratze aginduari edo beste batzuei ere eutsi ahal izateko, edo berriak abiarazteko.

Alberto Basaguren EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko katedradunak Euskadi Irratian adierazi duenez, Espainiako Gobernuak hala erabakitzen badu, posible da alarma egoera estatuko erkideko zehatz batean edo nahi den lurralde zatian ezartzea. Posible litzateke, halaber, erkideko batek Sánchezi bere lurraldean alarma egoera ezartzea eskatzea, baina beti ere Espainiako Gobernuak onartu beharko luke.