argia.eus
INPRIMATU
Alarma egoera maiatzaren 11ra arte luzatuko du Espainiako Gobernuak
  • Azken egunotako zurrumurruek diotena baietsiz, Espainiako Gobernuak maiatzaren 11ra arte luzatuko du alarma egoera. Datorren asteartean iragarriko ei du Pedro Sanchezek erabakia eta asteazkenean alarmaren luzapena eskatuko dio Kongresuari.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 18a
Larunbatean Espainiako krisi gabineteak egindako agerraldia. (Arg.: Espainiako Gobernua) Larunbatean Espainiako krisi gabineteak egindako agerraldia.

Edozein kasutan, egoera zerbait baretu egin daiteke, haurrei uneren batean ateratzen utziz edo herritarrek kirola egiteko banaka ateratzeko aukera eskainiz. Adinekoei ere tarte batean ateratzeko aukera ere hor legoke, besteak beste. Hainbat erkidego autonomo ere hori ari dira eskatzen, eta Kataluniak adibidez, haurrak ateratzeko bere plana egina du. Eusko Jaurlaritzak ere bat egin du konfinamenduaren arintze eskaera horiekin. 20 minutos hedabidearen esanetan, Moncloa aztertzen ari da alarma egoera 15 egunez luzatzea, maiatzaren 11ra arte, baina konfinamendu egoera soilik astebetez gehiago.

Gizarteko ia sektore guztien aldetik haurrak ateratzeko presioa gero eta handiagoa bada ere, badira haurrak atera daitezen aurkako iritzi esanguratsuak, esate baterako Espainiako Pedriatria Elkartea, zeinaren arabera, nagusien konfinamenduak jarraitzen duen heinean, haurrenak ere jarraitu behar du.

Fernando Simón Espainiako Gobernuko Larrialdi eta Alerten Koordinazio Zentruko zuzendariak larunbateko agerraldian esan duenez, "egoera erlaxatuz joango da kutsatzeak kontrolatzen diren neurrian, osasun sistema bere mugara iritsi gabe erantzun ahal izango duela bermatzeko moduan gaudenean".