Alarguntza-pentsioak lortzeko izatezko bikote bezala erregistratuta egotea ez dela beharrezkoa zioen doktrina zuzendu egin du Espainiako Auzitegi Gorenak. Udal edo autonomia erkidegoko erregistroan izatezko bikote bezala izena emanda dagoela egiaztatu beharko du alargunak berriz hemendik aurrera.
2021eko apiriletik alargun geratzen zirenek ez zuten izatezko bikote zirela demostratzeko erregistro-dokumentaziorik aurkeztu behar pentsioa jaso nahi bazuten; horretarako nahikoa zen elkarren arteko bizikidetza frogatzen zuen beste agiriren bat, erroldakoa kasu. Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen doktrina hori, baina orain Gorenak berak zuzendu du, eta berriz ere izatezko bikote bezala erregistratua egotea exijituko zaio alargun geratzen denari.
Martxoaren 24an auzitegiak emandako sententzia batek doktrina hori "argitzea" egokitzat jo du eta lehendik zegoen doktrinaren alde egitea ebatzi du, "izatezko bikote baten existentzia frogatzeko, udal edo autonomia erkidego batean hala erregistratuta egotea", alegia. Dokumentu horrek, heriotza baino bi urte lehenagokoa izan behar du gainera.
Erabakia, emakume batek jarritako kasazio-helegitearen ondoren etorri da, Europa Press agentziak zabaldu duenez, alarguntza-pentsioa jasotzea ukatu baitzion Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak, erregistro-dokumentu hori ez zuelako. Gorenak arrazoi eman dio, beraz, Madrilgo epaitegiari.
El Diario.es egunkariak Espainiako Gobernuko iturriak aipatuz azaldu duenez, baliteke ezkondatutakoen eta izatezko bikoteen arteko eskubide desberdintasdunak ezabatzeko jorratutako legedian aldaketa gehiago egotea izatezko bikotearen definizioa hobeto zehaztu eta halako auziak saihesteko.