argia.eus
INPRIMATU
Alardearen gatazka tarteko, Hondarribiko Udalak ez du Emagin kontratatu jaietarako
  • Indarkeria sexistarik gabeko gunea jartzeko eskatu dio Hondarribiko Udalak Emagin elkarteari. Elkarteak alardearen gaia gunean sartzeko asmoen berri eman dionean, atzera egin du.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 05a
Indarkeria sexistarik gabeko gunea (Argazkia: Emagin)

Formazio eta ikerketa feminista egiten du Emaginek, eta eskaintzen dituen baliabideen artean jaietara bideratutakoak ere badituzte, indarkeria sexistarik gabeko gunea kasu. Herriz herri eta jairik jai, indarkeria sexistaren gaineko kontzientziazioa lantzen dute gunearekin. Bereziki neska gazteei zuzendua dago, eta autodefentsa feminista ardatz, indarkeriari aurre egiteko bitartekoak erraztea bilatzen du. Jaietan “babes zein elkartasun gunea irudikatzea” bilatzen dute.

Iaz bezala, aurten ere Hondarribiko jaietan gunea jartzeko eskatu dio elkarteari Hondarribiko Udalak. Emaginen baldintza batek atzera bota du udala ordea.

Berriari zer gertatu den azaldu diote: iaz Hondarribian beren zerbitzua eskaini eta gero, alardearen gaia tarteko, autokritikari bide eman zioten. “Konturatu ginen ez genuela lotu Alardearekin dugun gatazka indarkeria sexistarekin”, azaldu diote Garikoitz Goikoetxea kazetariari. Aurten ere gunea jartzeko eskaera jaso ostean, udalari erantzun zioten alardearen gaia gunera eramateko asmoa zeukatela, “guretzat ezinbestekoa baita indarkeriaren egiturazko izaera lantzea”. Elkarteak bere asmoak mahaigaineratu ostean, udalak atzera egin du kontratazioan.

Udalaren jarrera kritikatu du Emaginek: “Bermatu beharko luke emakumeok bizitzako eremu guztietan parte hartzeko dugun eskubidea, aurpegia zuritzeko ahalegin faltsuetan denbora galdu gabe”. Bide batez, indarkeria sexistarik gabeko gunea jarriko ez duten arren, irailaren 8an bertan izango direla azpimarratu dute, Jaizkibel konpainiari babesa helarazten.