argia.eus
INPRIMATU
Alardearekin legea betetzen hasteko eskatu diote EH Bilduko militanteek Hondarribiko alkateari
  • «Gatazkaren konponbidean baliagarria izango delakoan» EH Bilduko Lantalde Feministak egindako hausnarketa plazaratu du Arma Plazan. Igor Enparan alkateari «Jaizkibel konpainiak bakarrik betetzen duen legea betearazten hasteko, eta Alarde bakarra, guztiona eta publikoa izan dadin bere karguari dagozkion erantzukizun eta baliabide guztiak erabil ditzala» galdegin diote.

Antxeta Irratia Koldo Nausia 2024ko uztailaren 19a

«Iruzurrarekin bukatzeko eta Udalak Berdintasun Legea betearazteko» enplazatu zuen asteazkenean Hondarribiko EH Bilduren militantziak Igor Enparan alkatea. Herri batzarrak onartu eta azken hilabeteotan koalizio abertzaleko Lantalde Feministak egindako hausnarketa publiko egin zuten atzo Arma Plazan, «gatazkaren konponbidean baliagarria izango delakoan». Jaiak hurbildu ahala herriak Emakume eta Gizonen Berdintasun Legea kunplitzen ez duela salatzen jarraitzea beharrezkoa iruditu zaie. Gogoraraziz lege honen 25. Artikuluak hitzez-hitz diona.

Legea bete eta betearazi

Alarde Fundazioa ez dela inoiz legez eratu, eta bi hamarkada luzetan «erakunde publikoen baimenarekin herriari iruzur egin» diola azpimarratu dute. Berez legea betetzen duen Hondarribiko konpainia bakarra Jaizkibel dela gaineratu dute. Danborrada konpainiaren kasuan estatutu aldaketan urratsak ematen hasi bada ere, baztertzen jarraitzen duela gogoratuz.

Argitu dutenez, hogei urtez baino gehiagoz «desfile armatua antolatu, dirua publikoki bildu, aseguruak kontratatu, armak erakutsi eta herriko kaleetan animaliak erabili izan ditu, eta horretarako baimena izan du instituzioek haien alde egin dutelako orain artean», nahiz eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko ukoa jaso behin eta berriz. «Orain izena aldatu diote, Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko kultur elkartea dira orain, izena aldatu bai, baina izanari eusten diote, eta berdintasunerako legea hausten».

Zentzu honetan, berriki Gipuzkoako Foru Aldundiak berdintasunean ospatuko diren jaien aldeko bost puntuko dekalogoa plazaratu badu, erakundeen konpromisoen dokumentuak ez ditu alardeak aintzat hartu. Baina erakundeek jaietan ere berdintasunaren aldeko ekimen eta gogoetak sustatuko dituztela dio, «emakumeen partaidetza sustatuko duten antolakuntza bultzatuko da, aukera berdintasuna bermatuko da ekitaldi guztietan, indarkeria matxistarik gabeko jaiak sustatuz eta irudi eta mezu berdinzaleak erabiliz».

Horiek hala, erakunde guztiei eta Igor Enparan alkate  galdegin diote «bere karguari dagozkion erantzukizun eta baliabide guztiak erabil ditzala, gure herrian berdintasun Legea bete dadin eta eragile guztiekin batera, Alardea bakarra, guztiona eta publikoa izan dadin. Bada garaia legea betetzen hasteko».

Izan ere, legea ez Hondarribiko Udalak, ez Gipuzkoako Foru Aldundiak, ezta Eusko Jaurlaritzak ere, ez dutela betearazten salatu du EH Bilduren Lantalde Feministak. Eta konponbiderako urratsak ematen elkarrizketa prozesuak proposatuz, elkarbizitza egitasmoetan parte hartuz, elkarrizketa etenik gabe bultzatu badu urte luzeotan, 2023an Alardearentzat Arautegi Bateratzailea landu ondoren, hausnarketa plazaratuz «legea betetzen hasteko garaia» dela aldarrikatu nahi izan dute.

Entzun artikulu honetan Hondarribiko EH Bilduren Lantalde Feministak egindako agerraldiaren adierazpen osoa.