argia.eus
INPRIMATU
Alarde tradizionaleko gazte talde batek adierazi du emakumeek Hondarribiko desfilean parte hartzeko eskubidea dutela
  • Hondarribiko herritar talde batek adierazi du “emakumeek Alardean parte hartzeko eskubide osoa” dutela. Ez dira Jaizkibel konpainiako kideak, orain arte emakumeek kantinera gisa bakarrik desfilatu zezakeen Alardean ibilitakoak baizik.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 07a
Adierazpena sinatu duen taldeko kide batzuk igandean Hondarribian eginiko agerraldian (argazkia: Berria).

Berrian Maite Asensio Lozanok argitaratu duenez, Alardean “XXI. mendeak eskatzen dituen aldaketak bermatzea” eskatu dute idatzi baten bitartez eta desfile baztertzailea antolatzen duen Alarde Fundazioari bilera bat egiteko eskatu diote.

70 bat laguneko taldea da eta igande honetan elkartu ziren aipatutako aldaketak eskatzen dituen testu bati atxikimendua adierazteko –dokumentua osorik irakur daiteke Hondarribiko Hitzan–. “Andreak soldadu gisa onartzen ez dituen desfilearen bueltakoak dira”, Berriaren arabera, testuaren sinatzaileak. Gizonetako batzuek konpainia baztertzaileetan desfilatu izan dute orain arte eta emakume batzuk berriz, kantinera izandakoak dira.

Talde honen ustez, gaur egun Hondarribian dagoen egoerak “Alardea hondatzea eta hari kalte egitea besterik ez dakar, eta haren etorkizuna kolokan geratzen ari da”. Gainera, “Hondarribiko emakume bakar batek alardean modu batean zein bestean parte hartzeko nahia badu, eskubide osoa duela iruditzen zaigu”, adierazi dute. “Eta, hain zuzen ere, bakoitzak bere aukera modu askean egitean datza gatazka honi amaiera emateko modu bakarra”, irakur daiteke testuan.

Belaunaldi aldaketa

Gazteak dira igandeko argazkian agertzen diren gehienak eta hori ere azpimarratu nahi izan dute. Berriak jaso duenez, ez dute istilurik gabeko Alarde egunik ezagutu; baina, era berean, emakumeek parte hartzen duten konpainia betidanik ezagutu izan dutenez, gazteen artean elkar ulertzeko “aukera handiak” daudela uste dute.

Alardearen auzia konpontzeko “agente aktibo” izan nahi dutela ere adierazi dute gazte hauek. Eta gaineratu dute, igandeko argazkian ateratzera ausartu ez diren gazteak ere badaudela, oraindik gaiarekin herrian publikoki posizionatzeak beldurra eragiten duelako. Taldea irekia da eta herritarren atxikimenduak jasotzeko prest dago. Horretarako, e-posta helbide hau ireki dute: guztion.alardea@gmail.com.