Eskualde mailan emaitza esperotakoa izan bada ere, Pirinio Atlantikoen departamenduan ezustekoa eman du PSko hautagaiak botoen %47,85 lortuta. Ipar Euskal Herriko zenbait herri handitan irabaztea lortu du.
Ipar Euskal herrian tradizionalki eskuina edo zentroa izaten da nagusi; oraingoan Donibane Lohizune eta Biarritzen irabaztea lortu badu ere, Virginie Calmelsen zerrendak ez du lortu babes nahikorik ez Ipar Euskal Herrian, ezta Akitania-Limousin-Poitou-Charentese eskualdean ere. Alderdi Sozialistak Europe Ecologie-Les Verts ekologistekin koalizioan osatutako zerrenda, bestalde, boto gehien lortzeaz gain, zenbait herri handitan gailendu da: Baiona (%50,61), Hendaia (%59,34), Angelu (%44,58), Kanbo (%41,28) eta Ziburu (%45,84).
Lehen itzulian lortutako emaitzen ostean, Fronte Nazionalak zer egingo zuen zegoen ikusteko. Bigarren itzulian, eskuin muturreko alderdiak behera egin du puntu bat eta erdi, baina lehen itzulian baino 903 boto gehiago lortu ditu. Mendiben, FNk lehen itzulian irabaztea lortu zuen herri bakarrean, azken geratu da. Bigarren alderdi bozkatuena izan zen beste herri batzuetan ere –Hendaia eta Bokale–, azken geratu da.
Alain Rousseten laugarren agintaldia izango da hau, eta lehen garaipena Akitaniako eskualdea Poitou, Limousin eta Charenteseko eskualdeekin batu zenetik. Lehen itzulian irabaztea lortu bazuen ere, oraingoan ekologistekin batera aurkeztu behar izan da. Ezkerreko zenbait alderdik bere alde bozkatzea eskatu dute. Babes horren erakusle izan da parte hartzearen igoera, %46,57tik %54ra.
Fronte Nazionalak lehen itzulian lortutako emaitzak ezkerra mobilizatzea ekarri du. Ezkerrak bat egin du PSren alde, eta Alderdi Sozialistak Frantziako bost eskualdetan irabazi eta bitan garaipenetik oso gertu geratzea lortu du. Emaitzak ez dira ordea, lehen itzuliaren isla. Fronte Nazionalaren “mehatxu” gabe ezkerra banatuta aurkeztu zen eta PSk behera egin zuen. Presidentea hautatzeko hauteskundeak balira, ez zuten lortuko babes nahikorik bigarren itzulira pasatzeko. Alderdi Sozialistako kideek onartu dute emaitza hauek lortzea zaila izango zela aliatu gabe.