argia.eus
INPRIMATU
Alaia Martin zuzenean sailkatu da finalaurrekoen bigarren itzulirako
  • Elizondon abiatu dira Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoak. 1.400 bertsozale bildu dira Baztan pilotalekuan eta Alaia Martinek eskuratu ditu puntu gehien: 729,5. Joanes Illarregi izan da bigarren eta berak ere 700 punturen langa gainditu du, 711 punturekin.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 24a
Unai Agirre eta Alaia Martin puntuka Elizondoko saioan. Argazkia: XDZ.

Bertsolariek egin beharreko lanak aldatu egin dira aurreko fasetik. Lehen fasean bezala, binaka aritu dira zortziko handian eta txikian. Gero, berriz, puntuka egin dute zortzi bertso osatu arte eta seiko motzean hiruna bertso bota dituzte ostean. Eta bukatzeko, ganbarako lana egin dute. Finalaurrekoetan bertsolariek ez dute puntu-erantzunik egin behar.

Honela gelditu da puntuazioa Elizondoko lehen finalaurrekoan: Alaia Martinek 729,5 puntu, Joanes Illarregik 711 puntu, Agin Laburuk 677, Unai Agirrek 652,5 puntu, Onintza Enbeitak 639,5 eta Iñaki Apalategik 623 puntu.

Bertso saioko bertsoaldirik puntuatuena Joanes Illarregik eta Agin Laburuk puntuka egin zutena izan zen, alferkerian ari ziren bi foruzainen paperean. Hemen ikusentzun daiteke bertsoaldi hori.

Saioa irabazita, Alaia Martinek zuzenean lortu du finalaurrekoetako bigarren itzulirako txartela eta Amurrion kantatuko du azaroaren 19an. Beste bost bertsolariek hurrengo saioen zain geratu beharko dute aurrera egingo duten ala ez jakiteko. Izan ere, finalaurrekoetako lehen saioan kantatuko duten sei bertsolari bigarren itzulitik kanpo geratuko dira. Finaleko txartela eskuratzeko, batu egingo dira bertsolariek finalaurrekoko lehen saioan eta bigarrenean eskuratzen dituzten puntuak.

 

 

 

1.400 entzule elkartu ziren Elizondoko pilotalekuan. Argazkia: XDZ.

 

 

 

Hurrengo finalaurrekoa, Donibane Garazin

Urriaren 29an izango da hurrengo finalaurrekoa, Donibane Garazin. Bertan kantatuko dute Aitor Etxebarriazarraga Gabiolak, Amets Arzallus Antiak, Asier Azpiroz Iztuetak, Haritz Mujika Lasak, Nerea Elustondo Plazaolak eta Oihana Iguaran Barandiaranek. Saioa 17:00etan hasiko da Jai Alain eta hemen eskuratu daitezke sarrerak.

Elizondoko bertso saioko bertsoak ikusentzuteko, bertsoa.eus-en dago aukera.