argia.eus
INPRIMATU
Alaia Martin nagusitu da Amurrion eta oraingoz Aitor Bizkarrak ezarri du finalera sartzeko langa
  • 1.250 bertsozale elkartu ziren azaroaren 19an Amurrioko Bañueta kiroldegian. Finalaurrekoetako bigarren itzulia hasi zen bertan: Alaia Martinek eskuratu zituen puntu gehien eta finalean da honezkero. Finalean sartzeko lehian dauden bertsolarietatik Aitor Bizkarrak eman zuen pauso bat aurrera; Oihana Iguaranek hurrengo bi saioetan zer gerta zain egon beharko du eta Agin Laburuk txapelketa amaitu du, Onintza Enbeitarekin eta Miren Artetxerekin batera.

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 21
Argazkia: Gari Garaialde / XDZ.

Finalaurrekoetako bigarren itzuliko lehen saioan, Alaia Martin nagusitu zen, 676 punturekin. Bigarren egin zuen Aitor Bizkarrak 651,5 puntu lortu zituen; Oihana Iguaranek (poto bat eginda) 632,5 puntu; Onintza Enbeitak 632,5; Agin Laburuk 624; eta Miren Artetxek 595,5.

Bertsoa.eus atarian ikusentzun daitezke Amurrioko saioko bertsoaldi guztiak. Alaia Martinek egin zuen ganbarakoa izan zen bertsoaldi puntuatuena.

Hemen irakur daiteke saioaren ostean Eli Pagolak Agin Labururi egin zion elkarrizketa.

Finalerako langa 1.330 puntutik gora?

Hemezortzi bertsolari daude sailkatuta finalaurrekoetako bigarren itzulirako. Bertsolari hauetako bakoitzak beste saio bana egingo du (lehena izan zen Amurriokoa) eta saio honetan jasotzen duen puntuazioa batu egingo da finalaurrekoetako lehen fasean jaso zuenarekin, batura horretatik zazpi finalistak hautatzeko. Bertsolariek egin beharreko lanak aldatu dira finalaurrekoetako lehen itzulitik eta bertso bat gutxiago kantatzen dute, horregatik da bigarren itzuliko puntuaketa baxuagoa.

Amurrioko saioan Aitor Bizkarrak ezarri du, oraingoz, finalerako langa non egongo den. Izan ere, finalaurrekoen lehen fasean 700 puntutik gora atera zutenak bost bertsolari izan ziren (Alaia Martin, Aitor Mendiluze, Beñat, Gaztelumendi, Joanes Illarregi eta Sustrai Colina), eta finalerako dauden beste bi txartelentzako sei bertsolari daude lehian: 686 punturen bueltako Oihana Iguaran, Amets Arzallus eta Julio Soto, eta 673 punturen bueltako Agin Laburu, Aitor Bizkarra eta Nerea Ibarzabal. Seikote honetatik hiruk kantatu dute Amurrioko saioan, eta Aitor Bizkarrak egin du puntuaketen taulan jauzia: 651,5 puntu eskuratu ditu Amurrion, eta lehen itzulitik zituen 677,5 puntuei batuta, 1.329 puntu lortu ditu. Beraz, finalerako txartela eskuratu nahi dutenek 1.330 puntuen langa dute begiz jota.

Oraingoz sailkapen taulan eta bi saioak eginda Alaia Martin da lehena, guztira 1.405,5 punturekin: Amurrion 676 puntu eskuratu zituen eta lehen itzulian 729,5 (lehen itzulian puntu gehien eskuratu zituen bertsolaria da).

Hemen ikus daiteke sailkapen taula osorik.

Hurrengo bi finalaurrekoak, Baionan eta Bilbon

Azaroaren 26an Baionan jokatuko da hurrengo finalaurrekoa, eta azkenekoa berriz, abenduaren 3an Bilbon. Sarrerak eskuragai daude bertsosarrerak.eus atarian.