argia.eus
INPRIMATU
Alabari amaren abizena jartzen ez uzteagatik Estrasburgok Espainiako Estatua zigortu du
  • Giza Eskubideen Europako Auzitegiak “diskriminazioa” egotzi dio Espainiari eta kalte-ordaina eman beharko dio amari.

Leire Artola Arin 2021eko urriaren 27a
Espainiak 33.853 euroko kalte-ordaina eman beharko dio amari. / Argazkia: Pixabay.

2006an jazo zen gertaera Palman (Mallorca), eta orain Estrasburgok arrazoia eman dio alabari bere abizena jarri nahi zion amari. Kalte moralengatik 10.000 euro eta kostu judizialengatik 23.853 euro eman beharko dizkiote emakumeari. Auzitegiak erabaki du Espainiako Estatuak urratu egin zituela Europako Giza Eskubideen Hitzarmeneko 14. eta 8. artikuluak.

Epaiaren arabera, andreak bakarrik izan zuen haurra 2005ean eta bere abizenekin erregistratu zuen. Izan ere, haurdun zegoela konturatu zen jada harremana izan zuen gizonarekin ez zegoenean, eta hari abisatzerakoan, gizonak “behin eta berriz” esan zion abortatzeko. Harekin kontaktua eten eta haurra izan zuen; gizonari umea ikusteko aukera eman zion baina “jazarpen psikologikoagatik” harremana moztu behar izan zuen. Urtebete beranduago gizonak ume horren aitatasuna aitortzeko eskatu zion Palmako Epaitegiari. Halaxe egin zuten: haren abizena jarri zioten eta jarraian amarena.

Emakumeak errekurtsoa jarri zuen abizenen ordena aldatzeko baina ez zioten onartu, garai hartan bi gurasoen oniritzia behar zelako horretarako; hala ez balitz, aitarena lehenesten zen. Estrasburgoren esanetan, epaileek erabaki badezakete aitaren abizena lehenbizi jartzea, era berean erabaki dezakete amarena aurretik jartzea. Auzitegiak nabarmendu du kaltetutako andreak “egunero” jasaten dituela diskriminazio horren ondorioak.