Israelgo armadak dio sei kazetariak Hamaseko eta Jihad Islamikoko kideak direla, baina ez du hori egiaztatzeko frogarik eskaini. Horren ondorioz, eta aurrekariak ikusita, Aljazeera eta sei kazetariak beldur dira gerta daitekeenaz.
Qatarreko hedabideak gezurtatu egin ditu Israelgo armadak egindako salaketak, asmakeriatzat jo ditu eta hedabidea eta haren kazetarien aurkako etengabeko kanpainan kokatu ditu. Kontuan hartu behar da Al Jazeera dela nazioarteko hedabide bakarra Gazan kazetariak dituena. Hedabideak minutuz minutu ematen du Gazan gertatzen ari denaren berri bere webgunean, eta gaur egun Israelen erasoen informazioa izateko funtsezko erreferentzia da mundu osoan.
Sei kazetariak honakoak dira: Anas al-Sharif, Talal Aruki, Alaa Salama, Hossam Shabat, Ismail Farid eta Ashraf Saraj. Adibidez, Sharifi "jaurtigailuen dibisio bateko burua" zela leporatzen dio Israelek; Salamari "Nuseirat Al-Qassam eliteko batailoiko burua" izatea; eta Shabati, "Palestinako Jihad Islamikoko Bureij batailoiko kide" izatea... Israelek dio horiek frogatzeko agiriak dituela, baita egindako ikastaroak eta lansariei buruzkoak ere.
AEBetan egoitza duen Kazetarien Babeserako Batzordearen (CPJ) datuen arabera, Israelek dagoeneko 128 kazetari hil ditu egindako erasoetan, eta dioenez, “Israelek beste batzuetan ere egin ditu gisa horretako akusazioak, baina proba sinesgarririk erakutsi gabe”.
CPJk gogora ekarri du Israelek iragan uztailaren 31n Gaza hirian hil zuen Al Jazeerako Ismail al-Ghoul kazetaria. Hamaseko borrokalaria ei zen hura ere, eta orain aurkeztutakoaren antzeko dokumentuak erakutsi zituen Israelek, non esaten zen Ghoulek Hamaseko graduazio militar bat jaso zuela 2007an, 10 urte zituenean.
Al Jazeerak zehaztu du Ghoul Shifako ospitalean atxilotu zutela Israelgo soldaduak hara sartu zirenean, eta gero libre utzi zutela: “Horrek erakusten du orain esaten dutena gezurra dela”. Droneekin egin zuten Ghoulen aurkako erasoa eta hartan hil zuten ere Rami al-Refee bideokazetaria.
NBEko adierazpen askatasunaren errelatore Irene Khanek “kazetariak nahita hil zituztela” salatu zuen, eta Nazioarteko Zigor Auzitegiari eskatu zion hilketak gerra krimen moduan epai zitzala.
Aurretik hildako kazetariak
Sei kazetariak eta haren ingurukoak beldur dira haien bizitzaz, batez ere ikusita Israelek dituen aurrekariak. Iragan abenduan Khan Yunis hirian izandako eraso batean Samer Abu Daqqa kazetaria hil zuen Israelgo armadak, eta Gazako Al Jazeerako bulegoko buru Wael al Dahdouh zauritu zuen.
Bi hilabete lehenago Dahdouh-ren emaztea, alaba, semea eta biloba hil zituzten Nuseirat errefuxiatu eremuan egindako eraso batean. Dahouh-ren semea, kazetaria hura ere, urtarrilean Khan Junisen egindako beste eraso batean hil zuten.
Maiatzean, aldiz, Israelgo Gobernuak Israelgo Al Jazeeraren bulegoak itxi zituen, eta joan den hilean lurralde okupatuetako Aljazeerako egoitza bortizki hartu zuen Israelgo armadak.
Al Jazeera kateak eta haren kazetariek argi utzi dute haien posizioa: “Kazetaritza ez da delitua, eta jarraituko dugu egia azaleratzen, aurrean izan ditzakegun oztopo eta mehatxuen gainetik”.