argia.eus
INPRIMATU
Berradiskidetzea Palestinan: Fatah eta Hamas batasun gobernura bidean
  • Alderdi palestinar nagusiek akordioa lortu dute eta bost asteko epean batasun gobernua osatuko dute. Horren ondoren, Gazan eta Zisjordanian hauteskundeak deituko dituzte. 2006. urtean bozkatu zuten azken aldiz palestinarrek.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko apirilaren 24a
Palestinar talde bat akordioa ospatzen (Argazkia: Reuters).

Hamas eta Palestinako Askapenerako Erakundeak zazpi urteko lehiari amaiera eman zioten asteazkenean akordio berriarekin. Zisjordania eta Gazako zerrenda bereizi dituen gai politiko eta administratiboekin amaitzeko behin betiko aurrerapausoa eman dutela ziurtatu dute ordezkari palestinarrek.

Abbas buru

Gobernu berriko burua Palestinako Aginte Nazionalako presidente Mahmud Abbas izango dela adierazi dute.

Ismail Haniyeh, Hamas alderdiko Gazako presidentea, akordioa lortu izanagatik baikor agertu da: “Palestinarren artean izan dugun bereizketarekin amaituko dugula adierazteak poztasun handia ematen dit”.

Israelen erantzun militarra

Bien bitartean, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu Hamasekin akordioa lortzearen aurka agertu zen asteazkenean. Adierazi zuen, Mahmud Abbasek aukeratu beharko duela bakea zeinekin bilatzen duen, “Israelekin edo Hamasekin”. Bi alderdi palestinar nagusien arteko elkar hartze berria “presio” moduan hartu dute Israelen.

Akordioa iragarri eta berehala militar israeldarrek Gazako iparraldea bonbardatu zuten, "terrorismoaren kontrako" operazio gisa deskribatu dituzten maniobretan. France Presse agentziaren arabera sei lagun zauritu dira eraso hori dela-eta, horietako bat larri.