24 urte eman ditu boterean Bashar al Assad presidenteak. Ia hamalau urte iraun du gerra zibilak Sirian, eta hamaika egun Sortaldea Askatzeko Erakundea (HTS) buru duen koalizioaren azken erasoaldiak, Damasko hiriburua hartu arte. Errusian asilo hartuta da orain Al Assad –hegazkinen ihes egin ostean Siriatik–. Botere-trantsizioa nola gauzatuko den eta, oro har, etorkizunak zer ekarriko duen eragiten du kezkarik.
Sirian gertatuak beste hamaika herrialdera begira jarri gaitu. Al-Assad presidentearen agintea eraitsi duten talde armatuen artean Turkiak babestutako bat dago. Turkia baita Siriako Gobernuaren aurka egin duen herrialdeetako bat, Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak edo AEBen gisan. Haren aliaturik indartsuenak, ostera, Errusia eta Iran dira, Damaskoren erortzeaz artikuluan irakurri daitekeen moduan.
HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea da Al-Assaden aurka borrokatu diren taldeen artean, antza, agintea hartzen ari dena. Turkiak babestutako Siriako Armada Nazionala (SNA) erakundeaz gain, talde txikiagoek ere parte hartu dute erasoaldian. "Deszentralizazio" hori gakoa izan da prozesuan, Público egunkariak nabarmendu duenez.
Erasoaldiak ezustean harrapatu du gobernua, eta haren menpeko indarrak ia erresistentziarik gabe errenditu dira, hedabideek jakinarazi dutenez. Eta gaineratu dute Errusiak eta Iranek ere ez dutela ia ezer egin. Hain justu, AEBetako presidente hautatu Donald Trumpek adierazi du Errusiak militar gutxiago dituela orain Sirian, Ukrainako gerra dela-eta. "Erregimena erortzea justiziazko ekintza izan da", esan du, bestalde, oraindik presidente den Joe Bidenek, nahiz eta gaineratu duen boterea hartu duten indarren jarduna hurbiletik behatuko dutela, haietako batzuen historialagatik –"historial terrorista" aipatu dute hedabideek–.
Al-Kaedaren itzala
2011n hasi zen Siriako gerra zibila, udaberri arabiarraren testuinguruan, tartean ehunka mila hildako izan dira eta milioika pertsona ibili dira atzera aurrera herrialdean. Gerra hasieran Alepo oposizioko indarren menpe egon zen, talde jihadistak nagusi, eta batez ere Turkiak lagunduta. Al-Kaeda, horren adar Al Nusra Frontea –geroago HTS–, Estatu Islamikoa, edo SNA dira urte hauetan Siriako ipar-mendebaldean, batez ere Idlib probintzian, nagusitu diren indarrak, haien artean borroka eginda ere bai.
HTS talde armatuko buru Abu Mohamed al Julanik adierazi du Siria osoarentzat "historia berri bat" irekitzen dela, eta Mohammad Ghazi al-Jalali lehen ministroa, bestalde, prest agertu da "siriarrek aukeratzen duten buruzagitzarekin elkarlanean jarduteko", hauteskunde askeak eskatzearekin bat. Iranek adierazi du herritarrek erabaki behar dutela Siriaren etorkizuna, "bitartekaritza suntsitzailerik eta kanpo inposiziorik gabe". Baita Irakek ere. Europar Batasunak dio Sirian segurtasuna bermatzeak duela lehentasuna –adierazi ostean Al-Assad agintetik kentzea "positiboa" dela–. Israelek zonalde desmilitarizatuan dagoen Hermón mendiko siriar magalaren kontrola bereganatu du. Txinak esan du itxaropena duela Sirian "egonkortasuna" ahalik eta azkarren ezartzeko... Mundu osoa jarri da Siriari begira.
Itxaropena, baita ziurgabetasuna ere
Damaskon eta Siriako beste hiri batzuetan milaka herritar kalera atera direla ikusi dugu, Al-Assaden gobernuaren amaiera ospatzera. "Ala handia da" oihukatuz, siriarrek ia hamalau urteko gatazka armatuaren ostean "askatasuna" ospatu dutela irakurri dugu hainbat hedabidetan. Baina poztasuna "beldurrekin" ere nahasten dela diote denek, "gerrak suntsitutako, miserian hondoratutako eta sakonki banatutako herrialde batean" etorkizunak ekar dezakeenagatik.
Izan ere, Al-Assad kanporatu duten talde armatuek mendekua har dezaketela dio hainbat adituk, nahiz eta HTSk ziurtatu duen "trantsizio baketsua" izango dela, inor ez dutela kanpoan utziko eta gutxiengo erlijiosoak errespetatuko dituztela, erregimenari lotutako alaui eta kristauak bereziki.
Kurduen aurkako erasoak
Gutxi gora behera, Siriako ipar-mendebaldea Turkia eta honek sostengatutako Siriako oposizioko hainbat talderen eskuetan egon da azken bospasei urteetan, eta ipar-ekialdea Kurduak eta Siriako Gobernuaren artean banatu dute. Azken bi aktore horiek, oro har, aliatuta ibili dira gerra zibilean Estatu Islamikoaren eta beste talde batzuen aurka, nahiz batzuetan elkarren aurka ere aritu diren.
Kurduen lidergoa YPG (Herriaren Babes Unitateak) miliziek daramate eta nagusiki Estatu Islamikoa eta beste talde Al Kaedazaleen aurka egin behar izan du, baita Turkiako Gobernuaren aurka ere. YPGko milizia kurduak PPKren aliatuak dira, eta Turkiak terroristatzat ditu. Askotan jo du haien aurka gerra honetan. Aldi berean, YPGk AEBetako sostengu militarra izan zuen hura Estatu Islamikoaren aurka aritu zenean. Orain YPGk kontrolatzen dituen lurrak hartu nahi ditu Turkiak, eta horrek ehunka mila kurduren lekualdatzea ekar dezake.
Igandean, Turkiak babestutako matxino siriarrek kurduen aurka eraso egin zuten Siria iparraldean. "Siriako Armada Askea izenarekin ezagutzen diren milizia turkiazaleek Eufratesen mendebaldean dagoen Manbij hiriaren % 80 bereganatu dute; orain arte kurduen esku zegoen", dio Eitb.eus-ek.