Xabier Mendigurenek azaroaren 13ko ARGIAn Sormena zigorturik artikulua irakurri ondoren, aktoreei gertatzen zaienari lotuta dagoenez, gai honi buruz idaztera animatu naiz.
2012. urtearen aurretik jubilatuta dauden aktoreak, idazle eta bertsolarien egoera bera jasaten ari dira, lan kontratu baten ondorioz.
Egun hauetan Donostiako Lan saileko Epaitegira joan behar izan dugu, gure bazkide jubilatu bati Gizarte Asegurantzak pentsio itzulera eskatzen dion erabaki agiria bidali diolako.
Seguritate Sozialak ez du etsitzen lan egindako egunen pentsioa itzularaztearekin. Egoera erregularizatu eta gero, langilearen Altarekin berdindutako egunak ere eskatu dizkio.
Seguritate Sozialeko diruzaintzak urte bukaeran artista lan guztien erregularizazioa bidaltzen ditu, kotizazioetan eta soldatetan erregularizazioa. Ondorioz, bizi laboralean altara berdindutako egunak islatzen dira, lan egunez gain eta aktoreak soldatetan egindako erregularizazioaren ondorioz ateratzen den likidazioa ordaintzea erabakitzen du berriz ere, eta egun kopuru hori handitzen da are gehiago oraindik ere.
Onartuta dago guztion artean erregularizazioa onuragarria dela artistentzako. Prekarietatea ezaugarri nagusia den lanbide honetan jubilatzeko bestela behar den adina kotizazio lortzea zaila edo ezinezkoa denean, erregularizazioak helburua lortzeko bidea arintzen du, aurretik aktoreak ordaindutakoa banaketaren ondorioz, inongo oparirik Seguritate Sozialetik jaso gabe, noski.
Baina, behin jubilatu eta gero, pentsioa da aktorea kobratzen ari dena, eta langabeziako prestazioekin gertatzen den bezala, pentsioa gutxitu beharko da lan egunetan bakarrik. Hau da, lau lanegun eginez gero, hilabete horretan pentsioaren hogeita sei egun kobratuko ditu aktoreak.
Hau horrela izan behar duela uste dugulako eta egoera hau arautzen duten legeriak ere horrela interpretatu beharko litzatekeelako ipini genuen demanda Lan Arloko Juzkatuan.
Bestalde, Espainiako Estatuaren beste Aktore Sindikatuekin jarri gara harremanetan haiekin elkartu eta gai honi taldeko irteera bat eman ahal izateko, harrigarria baita, praktika hau EAE, Galizia, Katalunia eta Valentzian kasu aparte batzuetan besterik ez ematea, eta Madrilen, aldiz, profesioaren %50a baino gehiago dagoen Erkidegoa izanik, hauei ez horrelakorik egitea. Harrigarria da benetan.
Gurutze Baztarrika
Euskal Aktoreen Batasuna / EABko aholkularia