argia.eus
INPRIMATU
Greba EAEko hezkuntza publikoan: jarraipen zabala sindikatuen esanetan, %40 ingurukoa Jaurlaritzaren ustez
  • EAEko hekuntza publikoko grebak "oso jarraipen zabala" izan duela esan dute sindikatu deitzaileek, parte-hartze datu zehatzik eman gabe. Eusko Jaurlaritzak, berriz, esan du irakasleen %40 inguruk utzi diola lan egiteari, aurreko asteko deialdian bezalatsu. Gaur-gaurkoz, gatazkak luze joko duela iragar daiteke, akordiotik oso urrun baitaude alde biak.

Lukas Barandiaran San Roman Unai Brea @unaibrea2 2017ko maiatzaren 23a
Maiatzaren 16an egindako manifestazioa Gasteizen. (Arg.: Hala Bedi)

Astebetean bigarren greba eguna egin dute maiatzaren 23an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan. Sindikatuek Eusko Jaurlaritzaren murrizketa politikak salatu eta negoziaketarako borondate eza leporatu diote.

Apirilean egin zuten deia maiatzaren 16an eta 23an lanuzteak egiteko hezkuntzako murrizketak salatzeko. Aurretik, martxoaren 22an beste greba egun bat egin zuten. Maiatzaren 4an bilera egin zuten Hezkuntza Sailarekin konponbide bat adosteko, baina ez zen emankorra izan eta grebak mantentzea erabaki zuten sindikatuek.

Jaurlaritzak grebarako arrazoirik ez dagoela argudiatu du, eta aurreko astekoaren eraginari garrantzia kendu dio: sindikatuek esan zuten parte-hartzea %80koa izan zela; Jaurlaritzaren esanetan, berriz, %43koa izan zen.

Adostasunik ezean, sindikatuek iragarri dute udako oporraldien ondoren mobilizazioak mantenduko dituztela.

Aurreko astearen antzera, irakasleez gain, hezkuntza bereziko hezitzaileekin, sukaldariekin eta garbitzaileekin batera 31.000 langile deitu dituzte maiatzaren 23an grebara ELA, LAB, Steilas, ESK, CNT eta CCOO sindikatuek. Lehen hirurek deituta, eta ESK eta CNTk babestuta, goizean goizetik hainbat elkarretaratze egin dituzte ikastetxeetan, eta eguerdiko 12:00etan manifestazioak deituta daude hiriburuetan; Bilbokoa Jesusen Bihotzetik atera da, Donostiakoa Boulevardetik eta Gasteizkoa Bilbo Plazatik.

Salatutako egoera hobetzeko ondorengo eskaerak egin dituzte: hezkuntza inbertsioa handitzea; pertsonala handitzea, gutxienez 2.000 langile gehiago; batez besteko ia %40ko behin-behinekotasuna %6ra murriztea; ikasle-ratioak %10 murriztea eta LOMCE eta Heziberri bertan behera uztea, besteren artean.