argia.eus
INPRIMATU
Xuria Arza (UGT)
“Akordioak lortu dira, baina oso gai garrantzitsuak geratzen dira negoziatzeko”
  • UGT Euskadiko Berdintasuna, Gizarte Politikak eta Aniztasuna alorreko idazkaria pozik agertu da akordioarekin, baina borrokatzen eta negoziatzen jarraituko dute.

Jon Bernat Zubiri Rey @jonbernat El Salto-Hordago @HORDAGO_ElSalto Eki Etxebarria Respaldiza Mikel Alvarez 2022ko urtarrilaren 28a

Xuria Arza UGT Euskadiko Berdintasuna, Gizarte Politikak eta Aniztasuna alorreko Idazkaria pozik agertu da lortutako akordioarekin, baina argi esaten du lorpen berriak gauzatzeko borrokatzen eta negoziatzen jarraituko dutela.

Zein da zuen balorazio orokorra lan erreformak ekarri dituen lorpenen inguruan?

Balorazio orokorra ona da; akordio bat lortu da Gobernuaren eta gizarte-eragileen artean, eta hori beti ondo dator lan giro hobea lortzeko. Aurreko araudia PPk hartutako alde bakarreko erabaki baten emaitza zen. Orain, negoziazio kolektiboa indartu eta lan harremanen oreka lortu nahi da; horregatik, funtsezkoa izan da elkarrizketa sozialeko mahaian adostasuna lortzea. Ez da sinatu langileen lan baldintzak okertzeko moduko ezer.

“2017ko Lanbide arteko Akordioan Euskadin sinatutako  hitzarmenak aplikatzeko lehentasuna jasotzen da”

Zeintzuk izan dira hobekuntza nagusiak?

Enplegu baldintzak hobetu egin dira; izan ere, behin-behinekotasunari aurre egiteko, obrako edo zerbitzu jakin baterako kontratua kendu da, eta enpresek kotizazio gehigarriak ordaindu behar dituzte aldi baterako kontratuetan. Aldi baterako kontratuen erabileraz abusatu da, baita Euskadin ere, lau kontratutik bat obrakoa edo zerbitzukoa baitzen. Azpikontratazioen baldintzak ere hobetzen dira, sektoreko hitzarmenak edo langileak lan egiten duen enpresaren hitzarmena aplikatzen baitira.

Bestalde, Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteei (ABEEE) dagokienez, pandemian abian jarritako neurriak sartu dira, eta orain figura hori erakargarriagoa izango da enpresentzat, kaleratzeak gauzatu aurretik erabiltzeko.

Alde nabarmenetako bat da negoziazio kolektiboan ere hobekuntzak lortu direla, hitzarmen kolektiboa berritzeko akordiorik lortu ezean aurreko hitzarmenaren indarraldia berreskuratzen delako; horri aurreraeragina esaten zaio.

Lurraldeetako hitzarmenen bidez hitzarmen estataletan adostutakoa hobetzeko aukera ikusten duzue? Zein da zuen jarrera aldarrikapen abertzale horren inguruan?

Gu langileentzako onuragarriena den hitzarmen kolektiboa aplikatzearen alde gaude. 2017tik, Euskadin negoziazio kolektiboaren egiturari dagokion Lanbide arteko Akordioa dugu. Akordio hori Langileen Estatutuaren 83.2 artikuluan Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza handiena duten sindikatuei eta enpresa elkarteei aitortu ahalmenaren babesean sinatu zen, eta haren xedea da EAEren eremuan negoziazio kolektiboko egitura bat ezartzea, baita Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldeko eta lurralde arteko estatutuaren araberako hitzarmen eta akordioei aplikatzeko lehentasuna ematea haiekin batera gerta daitezkeen estatu mailako bestelako hitzarmen edo akordio batzuen aurrean. Hori dela eta, Akordioan Euskadin sinatutako lurraldeko edo lurralde arteko hitzarmenak eta akordioak aplikatzeko lehentasuna jasotzen da.

Estatuan adostutakoa garrantzitsua da langileen lan baldintzak okertuko dituen hitzarmenik ez aplikatzeko. Enpresa hitzarmenetan, batzuetan hori gertatzen da, enpresaburuen presioen ondorioz, adibidez, eta horren aurka egin nahi dugu.

Zer hutsune egon dira negoziazioan, eta nori edo zeri leporatzen dizkiozue?

Mahai gainean zegoena sinatu da. Horrexegatik, hutsuneak egon dira, eta oraindik ere badira hitz egin beharreko kontuak, hala nola kaleratzeak, lan baldintzen funtsezko aldaketak... Gobernuak nahi zuen patronalak ere mahai horretan eta akordioan parte hartzea, adostasuna lortzeko mesedegarria izango zelakoan, nahiz eta horrek hutsuneren bat sortu duen.

Sindikatu abertzaleek diote aurreko erreformaren alde batzuk sendotzen dituela, baina zuek diozue lorpen berri batzuentzako abiapuntua dela.

Hori da, hau lehen urratsa dela uste dugu. Hainbat gaitan akordio on bat lortu da, baina negoziazioa ez dago itxita. Beste gai batzuei buruz hitz egiten jarraitu behar dugu: Langileen Estatutuaren 41. artikulua, hau da, lan baldintzen funtsezko aldaketa; kaleratzeko arrazoien berrikuspena; kaleratzeagatiko kalte ordainen igoera; eta Enplegu Erregulazioko Espedienteetan (EEE) berme handiagoak.

“Beste gai batzuei buruz hitz egiten jarraitu behar dugu: 41. artikuluaren lan baldintzen funtsezko aldaketa, kaleratzeko arrazoi zein kalte ordainen berrikuspena eta Enplegu Erregulazioko Espedienteen bermeak”

Lehen esan dudan bezala, mahai gainean zeuden gaiak adostu dira, baina horrek ez du esan nahi landu gabeko gaiak sendotuko ez direnik. Lanean jarraitu behar da, aurreko erreformak jasotzen zituen gai guztiak alda daitezen.

Patronalak esan du espero zuena baino gehiago jaso duela. Zergatik?

Ez dakit une honetan hori esaten duten; 2012an bai, hala zioten. Beharbada pentsatuko zuten Gobernuaren asmoa zela haiek negoziaziotik kanpo uztea, eta ez da horrela izan.

Nire ustez, oso modu positiboan baloratzen dute gai batzuei buruzko akordioak lortu izana, baina argi geratu behar zaie hau ez dela hemen amaitu. Esan dudan bezala, mahai gainean zeuden gaiei buruzko akordioak lortu dira, baina oso gai garrantzitsuak geratzen dira negoziatzeko, eta horretan tematuko gara.

Zein izan da mobilizazioaren papera lan erreforma lortze aldera?

Guk hilero mobilizazioak egin ditugu, pentsioen erreformaren eta PPren lan erreformaren ondorioz sortu ziren gai guztiak aldatzeko, baita lanbide arteko gutxieneko soldata igoera lortzeko ere.

Pentsioen erreformaren zati bat egin da dagoeneko, baina oraindik gai horri buruzko hainbat eztabaidagai daude, eta horiei buruzko negoziazioak aurrera jarraitu behar du. Bestalde, Lanbidearteko Gutxieneko Soldatak ere gora egin du, baina aurten 1.000 eurora igotzea aldarrikatzen jarraituko dugu. Eta Gobernuak lan erreformari buruzko gaiak aldatzeko konpromisoa hartzea ere lortu dugu.

Beraz, akordio garrantzitsuak lortu ditugu, baina langileen lan baldintzak hobetu daitezen borrokatzen jarraituko dugu. Mobilizazioak egin behar badira, egingo ditugu.

 

Elkarrizketa hau ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, CNT sindikatuetako ordezkariei Espainiako lan erreformaz egindako elkarrizketa sortaren zati da; hurrengo egunetan argitaratzen joango gara elkarrizketa bakoitza. Entzun Bilbo Hiria Irratiko 'Lanaren ekonomia' saioan: