argia.eus
INPRIMATU
Akordioa lortzeko azken saiakera egingo dute Junts Pel Sík eta CUPek
  • CUPek Artur Mas presidente ez izendatzeko hartutako erabakiaren ondoren, prozesua berriz bideratzeko azken saiakera egingo dute bi indar politikoek ostegunean.

ARGIA @argia 2016ko urtarrilaren 07a
ANCk bultzatu du Junts Pel Sí eta CUPen arteko azken saiakera. Irudian erakunde horren elkarretaratzea, akordioa eskatzen (argazkia: Vilaweb).

Erlojuz kontrako bilera izango da, emaitzari emango ez balu urtarrilaren 10ean automatikoki hauteskunde berriak deitu beharko lituzketelako Katalunian.

ANC erakundeak bultzatu du azken saiakera hau, baita egoerak ere, ez Junts Pel Sík, ez CUPek ez baitute agertu nahi azken momenturaino saiatu ez zirenak bezala.

Nolanahi, azken orduetan ez da jarrera aldaketa nabarmenik gertatu. CUPek Mas ez inbestitzeko hartutako erabakia berretsi du eta Junts Pel Sík ez dago gai horretan atzera egiteko.

Koalizioko kide den ERCn agertu dira Masekin ahots kritikoak –Joan Tardá kasu– jarduneko presidenteari "alde batera egiteko" eskatzen, baina gaiari buruz galdetuta, Raül Romeva Junts Pel Síko zerrendaburuak ez zuen euren presidentegaia auzitan jarri asteazkenean.

Egoera horretan, ANCk mobilizazioak deitu ditu Katalunia osoan ostegun arratsalderako. Helburua, bi indarren arteko akordioa exigitzea Katalunian prozesu konstituziogile bat abian jartzeko. Zita nagusia 19:30ean izango da Bartzelonako Sant Jaume plazan.