argia.eus
INPRIMATU
Akordioa lortuta, H&Mko langileek akabera eman diote grebari
  • Multinazional suediarrak Hego Euskal Herrian dituen dendetako langileek apirilean ekin zioten grebari, eta asteetako borrokaren ostean lortu dute akordio batetara heltzea: H&Mk ez du langilerik kaleratuko, ezta lan baldintzetan "funtsezko aldaketarik" egingo.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 16a
H&Mko langileak ekintza bat egiten Bilbon, multinazionalaren denda izandakoaren ateetan (Argazkia: Ecuador Etxea)

Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako H&M dendetako langileek apirilaren 22an ekin zioten greba mugagabeari, eta ia bi hilabetez borrokan egon ostean langileak beren lanpostuetara itzuliko dira. Aldaketa enpresarekin akordio batetara heldu izanari dagokio, Suediako multinazionalak onartu baitu Hego Euskal Herrian langilerik ez kaleratzea. Horrez gain, bestelako lorpenik ere azpimarratu du ELA sindikatuak, jakinaraziz "lan baldintzen funtsezko aldaketarik ez aplikatzea" lortu dutela "nahiz eta estatu mailan enpresak CCOO eta UGTrekin hori hitzartuta izan".

ELAk seinalatu du CCOO eta UGT sindikatuek ez diotela babesik eman grebari. Bi sindikatuek Espainiako Estatu mailan H&Mrekin adostutakoek ez dute bat egiten Hego Euskal Herriko grebalariek egindako negoziaketarekin, estatu mailan zenbait kaleratze onartu baitituzte.

Langileak zoriontzeaz gain, sektorean borroka egitearen garrantziaz ohartarazi du ELAk. Izan ere, azaldu duenez, oihalgintzako enpresa handien estrategia etekinak maximizatzeko online salmentak sustatzea da, langileak alde batera utziz. "Enpresen politika hau lanpostu asko eta asko suntsitzen ari da. Enpresak emandako datuen arabera, H&Mk 2019an 21.988 miloi euro fakturatu zituen, eta 1.270 milioi euroren etekina lortu, hots, aurreko urtean baino %6,3 gehiago. Estatu mailan sinatutako EREak aurreikusten zuen 920 lanpostu kendu eta 26 denda ixtea", azaldu du.