argia.eus
INPRIMATU
8/2013 sumarioko auzipetuak ez dira espetxera joango, akordioa lortu eta gero
  • Gaur goizean bederatzi euskal herritarren aurkako ahozko auzia zen ekitekotan Espainiako Auzitegi Nazionalean, baina azkenean, aldeen arteko akordioa lortuta, espetxea saihestu dute.

ARGIA @argia 2016ko maiatzaren 17a
Auzipetuak lagun eta senideekin Madrilen akordioaren berri eman ondoren (Arg: Hodei Iruretagoiena).

Ekineko kide izatea leporatzen zitzaien eta, “dena da ETA” doktrinarekin, talde armatuko kide izatea. Sandra Barrenetxeari urtebete eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra jarri diote, eta Ugaitz Elizarani bi urte eta hiru hilabetekoa. Urko Aierbe, Joxe Aldasoro, Aniaiz Ariznabarreta, Erika Bilbao, Eneko Compains, Egoitz Garmendia eta Rosa Iriarteri bina urte.

Zigorrak bertan behera uztea adostu dute aldeek, salbu eta Elizaranen kasuan, zeina baldintzapeko askatasunean uztea eskatuko den. Epaileek berretsi beharko dute eskaria.

"Segurako auzia"n edo apirilaren 14an Ekinekoak izateaz akusatuta ziren “Aztnugal auziko” bost kideen antzeko akordioak lortu dituzte auzipetuen defentsak, fiskaltzak eta akusazio partikularrek, kasu honetan Dignidad y Justicia eta AVT elkarteak. Horren arabera, akusazioaren oinarria onartzen da, biolentziarekin lotutako ekimenak arbuiatu, eta haien jardunak eragindako biktimen eta minaren aitortza egiten da.

Auzipetuen izenean esandako hitzetan, Eneko Compainsek adierazi du akordio honekin ez dela justiziarik egiten eta, besteak beste, gogorarazi du atxiloaldiaren unean auzipetuek jaso zituzten tratu txar eta torturak.