Frantzia, Alemania, Espainia, Italia, Herbehereak eta Portugalen artean adostasuna lortuta, ostegun gauean akordio berri bat itxi dute Europar Batasuneko Finantza ministroek. Hogeita zazpi estatuk osatutako EBk bilioi erdi euro baino gehiagoko larrialdi pakete bat onartu du pandemiaren aurka borrokatzeko, Espainiak eta Italiak lortu ondoren funts horietarako sarbidea ez egotea lotuta erreforma ekonomiko programa bati, Herbehereetako gobernuak nahi zuen moduan. EBko estatuburu eta gobernuburuek jorratu beharko duten hurrengo goi bileran hitzartu beharko dute ekonomia suspertzeko funts bat sortzeko araudia.
Mario Centeno Eurotaldeko (euroguneko Finantza ministroek hilero egiten duten bilera informala) presidenteak bere poza azaldu du akordioa lortu zuen bilkuraren amaieran: "Diru multzo honek biltzen ditu proposamen ausartak, duela aste batzuk pentsaezinak izango zirenak. Gogoratu 2008ko finantza krisiari emandako erantzuna,:Europak gutxi eta berandu egin zuenean. Oraingoan oso bestela ari gara".
Adostutako tratu berriaren arabera, Europako Erreskate Funtsa (MEDE funtsa deitua) izango da azkenean finantziazio behar larria duten gobernuentzako salbamendua. Aste pare baten buruan egongo omen dira prest eta 240.000 milioi euro aktibatzera iritsi ahal izango da. Horiek eskuratzeko baldintza bakarra izango omen dute estatuek, albiste agentziek zabaldu dutenez: kreditu horiek eskatzen dituzten herrialdeek konpromisoa hartzea funts horiek erabiltzeko Covid-19ko krisiak eragindako osasun-kostuak finantzatzeko. Baina aldi berean, kredituak eskatu dituzten herrialdeek EBko arau fiskalen barruan jarraitzeko konpromisoa hartuko dute, Europak ezarritako malgutasun mugak urratu gabe.
Formula horrekin gainditu du Europar Batasunak ipar eta hego aldeko herrialdeen artean koronabirusaren kontrako finantz estrategiaren inguruan sortutako leizea, joan den astean Wopke Hoekstra Herbehereetako Finantza ministroak erakutsitako jarrera gogorrak eta honen kontra batik bat Italia eta Espainiako agintariek agertutako haserreak nabarmendu zutena.
Ostegunean Eurotaldean lortutako akordioarekin, aipatu MEDE funts horrek finantziazio beharrean diren herrialdeei erraztuko dien bilioi laurden euroez gain, beste 200.000 milioi euro gehiago iragarri ditu Europako Inbertsio Bankuak enpresentzat, batez txiki eta ertainentzat. Eta, atzoko akordioak bere baitan hartzen duen hirugarren laguntza multzoak aurreikusten du Europako Batzordeak 100.000 milioi euroz finantzatzea langileen kaleratze masiboak saihesteko neurriak, ERTEak bezalako tresnak finantzatzeko bonoak emitituz.
Ostegunean lortutako adostasun berriarekin konpondutzat eman nahi izan dute Europar Batasunako buruzagiek, oso kezkatuta auzitan zegoen finantziazio multzo handi hau berriro blokatzeko arriskuarekin: "Europaren izaera bera dago arriskupean", esan zuen Mario Conte italiarrak. "EB arriskuan dago pitzadurarik gabeko elkartasuna erakusten ez badu", Pedro Sanchez espainiarrak. Geroztik, iturri diplomatikoek zabaldu dutenez, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrordeak eta Bruno Le Maire Frantziako ministroak hainbat homologori deika aritu dira akordioa lbideratzeko, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak Giuseppe Conte Italiako lehen ministroarekin hitz egin zuen diagnostikoa adosteko, Paristik Hagari presio egin zitzaion...
Ostegun gauean Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak akorioak ekar ditzakeen eraginez itxaropen handiak erakutsi zituen: "Orain susperraldi indartsu bat ari gara prestatzen, gure ekonomiak suspertzeko".