argia.eus
INPRIMATU
LABek haur eskoletako lan hitzarmena adostu du, bi greba egunen atarian
  • 16 urteren ostean, Eusko Jaurlaritzak eta Haurreskolak Partzuergoak akordioa erdietsi dute astelehen iluntzean lan-hitzarmena berritzeko. Greba deituta zegoen asteazken eta ostegun honetarako, eta indarrik gabe utzi dituzte bi deialdiak. STEILAS akordioarekin ezkor agertu da, baita ELA ere: "Gehiago lor zitekeen; aukera galdu da".

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko otsailaren 10
Akordioa erdietsi dute astearte arratsean, Gasteizko Lakuan. LAB

"Borroka sindikalak merezi izan du", adierazi du LAB sindikatuak astelehen arratsean ohar bidez, eta jakinarazi akordiora iritsi direla sindikatu horrek gehiengoa –kideen erdia baino gehiago– duen Haurreskolak Partzuergoa eta Eusko Jaurlaritza. "Azken urteetan hamaika greba eta mobilizazio burutu ostean, azken biak pasa den urtarrilean eta eskola publikoko greba ziklo honen otsaileko bi greba egunen atarian, Eusko Jaurlaritza posturaz aldatzera behartu dugu", esan du LABek. 

Gauzak horrela, ohar horrekin adierazi du bi greba deialdiak bertan behera uzteko borondatea, baita STEILAS sindikatuak ere bere aldetik, adosturiko puntuek erabat asetzen ez badute ere. ELA sindikatuak asteartean baloratuko du akordioa.

Langile gehiago eta ordu gutxiago

Hamasei urteren ostean, Haurreskolak Partzuergoak lan-hitzarmen berria izango du 2026ko urtea amaitu bitartean. LAB sindikatuak jakitera eman duenez, "osotasunean" berritu dute hitzarmena, eta, besteak beste, lan zama arintzeko neurriak hartuko dira, urteko lanaldian 100 ordu jaitsi eta sei jai egun gehiago izatearekin batera.

Erosahalmena berreskuratzeko, bestalde, haurreskoletako kudeaketa alorreko langileen soldatak administrazio orokorrekoekin parekatuko dira, LABen esanetan, gizarte- eta formakuntza-funtsak berritzearekin batera. Horrez gain, langileen baimen eta lizentziak ere igo egingo dira Hezkuntza saileko hezitzaileen pareraino.

Lanpostuak, aldiz, handitu egingo dira: 64 gehiago. "Behin-behineko kontratu kopuru hori estrukturala bilakatzea lortu dugu", LABen arabera: "Behin-behinekotasun tasa %5era mugatzea jasotzen da hitzarmenean, eta hurrengo oposizio eredua negoziatu eta adostea".

"Eduki nahikorik ez", ELAren eta STEILASen esanetan

"Akordio hobea merezi zuen greba dinamikak", adierazi du ELA sindikatuak astearte goizean, eta greba dinamika "gehiago" eta "indartsuagoen" premia aldarrikatu du. "Grebetan eskatutako eduki nagusiak ez ditu jasotzen akordioak; horrela, erosahalmena berreskuratzeko neurririk ez dago, lan zamak modu eraginkorrean arintzeko ratio hobekuntzarik ere ez, ezta enplegua bermatzeko eta egonkortzeko neurririk ere", adierazi dute.

"Aukera galdu da" STEILASen esanetan, adosturiko edukiek ez dituztelako grebara eraman dituzten aldarrikapenak asetzen; besteak beste, plantillak esleitzeko irizpide diren ratioak geroago negoziatuko direla seinalatu du.

"Gure eskaera argia da: momentu oro bi hezitzaile egotea gelan, eta prestakuntza eta koordinazio orduak ordezkatuko dituen lanpostuak sortzea; azken esaldi hori berme juridikorik gabeko terminologian proposatu dute, eta ez guk eskatzen genuen zilegitasunarekin", adierazi du STEILASek.

Jaurlaritza: "Elkarrizketaren emaitza izan da"

"Akordio hau aspaldi landutako negoziazioen emaitza da", esan du Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, eta pozik egoteko akordioa dela: "Oso berri ona da, haurreskolen zerbitzua hobetuko dugulako, eta etorkizunerako kalitatea ere bai".

Aurrera begira, Pedrosaren esanetan, plantillak esleitzeko irizpideak negoziatzeko egutegia adostuko du Jaurlaritzak sindikatuekin batera. "Giza-baliabideen banaketa zuzena eta efizientea" beharko direla seinalatu du.