argia.eus
INPRIMATU
Akordio interprofesionala egin dute, negoziazio kolektiboaren korapiloa askatu gabe
  • Confebaskek eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek adostu dute euskal itunak estatukoengandik babestea. Negoziazio kolektiboa desblokeatu ezean akordioak ez luke eraginik izango sektore eta enpresa askotan, baina patronalak ez du horretarako konpromisorik hartu nahi izan.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2017ko urtarrilaren 18a

Akordio garrantzitsua, baina ez nahikoa. Halaxe definitu daiteke sindikatuen postura astearte arratsaldean patronalarekin egindako bileraren ostean. Confebask enpresarien elkartearekin sinaturiko sektore arteko akordioak EAEn egindako hitzarmenak lehenesten ditu, epe-mugarik gabe, Espainiako Estatuan CEOE patronalak nagusiki CCOO eta UGT sindikatuekin sinatzen dituztenengandik.

Horretarako, ordea, beharrezkoa da itunak indarrean egotea eta gaur egun sektore eta enpresa askotako hamarnaka itun daude blokeatuta. Egoera hori erosoago zaio Confebaski, estatalizazioarekin azken lan erreformek ekarritako lan-baldintzak ezarri ditzakeelako, eta horrela uler liteke sektore arteko itunean korapilo hori askatzeko konpromisorik ez hartu izana: “Akordio honen negoziazioan argi geratu da nork blokeatzen duen negoziazio kolektiboa eta nork ez dion blokeoari irtenbiderik eman nahi: Confebaskek eta bere barruan dauden Adegik, Cebekek eta SEAk”, azaldu du LABeko Exekutiboko kide Xabier Ugartemendiak.

ELAko negoziazio kolektiboko arduradun Joseba Villarrealen ustez  negoziazio kolektiboaren konponbidea ez dago akordio interprofesionalaren mahaian, “sektorez sektore, enpresaz enpresa eta langileen antolakuntzan dago”. Hain justu, ELAk akordioari betoa kentzeko arrazoietako bat da oraingoan Confebaskek ez duela aurrebaldintza bezala jarri lantegietan “bake soziala” egotea.

Estatu mailako sindikatuek ere negoziazio kolektiboan jarri dute begia. CCOOren ustez, ez bada desblokatzen “errentagarritasun gutxi” izango du orain lorturiko akordioak, eta UGTren iritziz “ezerezean” geratuko litzateke.

Gehiago jakiteko:

Bost gako ulertzeko zer ari diren adosten (eta zer ez) sindikatuak eta Confebask