argia.eus
INPRIMATU
“Akordio handi bat” nahi du Sánchezek alderdien artean, eta EAJk baietz esan dio biltzeari
  • EAJk "kolaborazioa eta kooperazioa" eskaini dio Espainiako presidenteari, baina ez "irentsi beharreko" erabakiekin bat egitea. Espainiaren "berreraikitze sozial eta ekonomikoa" adosteko bildu nahi ditu Sánchezek alderdiak. EH Bilduk ezetz esan du. Kongresuan egindako bilkuran alarma egoera apirilaren 26ra arte luzatzeko bermea lortu du Espainiako Gobernuak.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 09a

Sánchezek Espainiako Kongresu kasik huts batean eskatu die, ostegun honetan, ordezkaritza duten alderdiei Espainiaren "berreraikitze sozial eta ekonomikoa" adosteko bildu daitezela datorren astean: "Batasunak izan behar luke gure bandera", adierazi du. Proposamenak, baina, ez du arrakasta handirik izan, ez eskuineko alderdien artean, ezta ezkerreko independentisten artean ere.

EAJ biltzearekin ados dago, baina oraingo instituzio eta bideak erabiliz, eta ez 1977ko Moncloako Paktuen antzeko ezer sortuz: "Ez dugu irentsi beharreko ezer nahi", adierazi du Aitor Estebanek. EH Bilduk, aldiz, hasieratik ezezko borobila eman dio proposamenari. Oscar Matute, koalizio abertzalearen bozeramaile da: "Gu ez gara egongo Moncloako beste akordio batean, birzentralizazio eta neurri neoliberal gehiago kamuflatzea bilatzen delako".

Alarma egoeraren beste luzapen batzuk

Kongresuko bilkuran, Sánchezek nahikoa berme lortu du koronabirusaren krisiagatik ezarritako alarma egoera apirilaren 26ra arte luzatzeko, eta hortik aurrera, Espainiako Gobernuak deskonfinamendurako nola jokatuko duen argibide lausoak eman ditu.

Azaldu duenez, exekutiboa egoera ezberdinei aurre egiteko "plan bat" diseinatzen ari da, baina ohartarazi du balitekeela hamabost egun barru alarma egoeraren beste luzapen bat eskatu behar izatea. Nolanahi ere, astez aste koronabirusak utzitako gaixo eta hildakoen datuen arabera normaltasunera itzultzeko urratsak emango direla azaldu du, baina ez dela "orain arte ezagutu dugun normaltasuna" izango. Normaltasun erabatekoa txertoak ekarriko duela ziurtatu du espainiar presidenteak.