argia.eus
INPRIMATU
Akordio ekonomikoaren faltan, erakundeak elkarlanean Ondarroako luiziak eragindako obretan
  • Kamiñaldeko luiziak eragindako lanei aurre egiteko, Ondarroako Udalarekin batera lantaldea osatuko dute Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak.

ARGIA @argia 2016ko abuztuaren 17a
Martxoko luiziek eragindako lanei aurre egiteko lantaldea sortu dute hiru erakundeek.

Asteartean bildu ziren hiru erakunde publikoak eta akordio ekonomikorik ixtea lortu ez duten arren, elkarrekin lan egiteko prest agertu dira.

Udalaren arabera 17 milioi euro kostako dira mendi hegala berrezartzeko lanak. Obra horiek ezinbestekoak dira joan den martxoan luizien ondorioz lekuz aldatu behar izan zuten 176 familiak beraien etxeetara itzultzeko.

Ondarroak ezin duela karga ekonomiko hori bere gain hartu adierazi izan dute Bizkaiko herriko ordezkariek, baina orain arte beste erakundeek ez dute problema soluzionatuko lukeen laguntzarik bermatu.

Joan den ekainean egindako bilera baten ondoren, Aldundiak larrialdi egoerako laguntzak handitzea erabaki zuen. Hasierako 500.000 euroei beste milioi bat gehitu zien, baina Zunbeltz Bedialauneta alkateak nabarmendu zuenez, kopuru horrekin problema konpontzetik urrun zegoen oraindik.

Aste honetako bileraren ondoren, astero bilduko den lantaldea osatzea adostu dute. Talde horrek Kamiñalden egiten diren lanen jarraipena bere gain hartuko du.