Hezkuntza Sailarekin hainbat aldiz bildu dira hezkuntzako sindikatuak irakasleen lan baldintzak negoziatzeko. Hitzarmena berritzea, baina, ez dute lortu, eta martxoko eta apirileko bost greba egunetarako deialdia egin diete irakasleei. Lehenengoa astearte honetan izango da.
Deialdia heldu da EAEko ikastetxe publikoetako sukalde eta garbiketako langileentzat akordioa lortu eta berehala. ELA, LAB, STEILAS eta CCOO sindikatuek unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko 27.000 irakasleri egin die deia, martxoaren 25ean, 26an eta 27an, eta apirilaren 1ean eta 2an greba egiteko.
Martxoaren 17ko astean, hainbat egunez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin bildu ziren sindikatuak negoziazio mahaian, greba deialdia iragarri eta gero. Aste horretako bilkuren harira, ELA sindikatuaren ustez “proposamen onargarrietatik urrun” zegoen Hezkuntza Saila. LABek “zehaztasun eta borondate falta” nabarmendu zituen negoziazio mahaietatik.
Azken proposamena
Hezkuntza Sailaren azken proposamena berriz, astelehen honetan bertan eztabaidatu dute, greba baino egun bat lehenago. Luze aritu dira, zazpi ordu baino gehiagoz egon baitira bilduta sindikatuetako eta Hezkuntza Saileko ordezkariak, goizeko 2:30 aldera arte, eta hurbilketak egon diren arren, azkenean ez dute lortu hitzarmen berri bat hezkuntza publikoko irakasleentzat, beraz greba mantentzea erabaki dute sindikatuek.
STEILASek Berrian adierazi duenez, “esfortzu guztiak egin ondoren, jarritako neurriak ezeztatu dituzte ordu luze hauetan, eta onartutzat ematen zena bertan behera utzi dute”.
Hezkuntza Sailak, bere aldetik, oharra kaleratu du, sindikatuen jarrera gogor salatuz. Greba "arrazoirik gabea, neurriz kanpokoa eta arduragabea" dela dio.
Mobilizazioen xehetasunak
Martxoak 25: 11:30ean manifestazio zentralizatua Bilbon, Lurralde Ordezkaritzatik.
Martxoak 26: 11:30ean manifestazioak lurraldeka, Bilbon (Arriaga plazatik), Gasteizen (Bilbo Plazatik) eta Donostian (Bulebarretik).
Martxoak 27: 11:30ean manifestazio zentralizatua Donostian, Bulebarretik.
Apirilak 1: 11:30ean manifestazioak lurraldeka Bilbon (Arriaga plazatik), Gasteizen (Bilbo Plazatik) eta Donostian (Bulebarretik).
Apirilak 2: 11:30ean manifestazio zentralizatua Gasteizen, Europa jauregitik.