argia.eus
INPRIMATU
Akordio batekin itxi dute hainbat emakumeri eraso egin zien Donostiako militantearen kontrako auzibidea
  • Engainuz, emakumeak biluzik ageri ziren argazkiak lortu zituen Haritz Varelak. Erasoa jasan zuten emakumeetako batzuk Tximeleten Reboluzioa dinamikaren baitan batuta ari dira erasoak kudeatzen, eta jakinazi dutenez, akordio batera heldu dira bi aldeak.

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 12a
80 emakume batu ziren urrian erasoak jasan zituztenei babesa adierazi eta prentsaurrekoan parte hartzera. (Argazkia: Tximeletaren Reboluzioa)

40 emakume baino gehiagori eraso egin zien Haritz Varelak, militante ezagun izateak ematen zion botereaz baliatuta. Engainuz eta manipulazioa erabiliz, hainbat emakume biluzik ageri ziren argazkiak lortu zituen. "Militante gisa zuen boterea erabilita emakumeok engainatu eta biluzik argazkiak ateratzeko proposamenak egin zizkigun, baita batzuei atera ere. (…) Guk ez genuen ezer txarrik egin, eta berriro egingo genuke. Arazoa erasotzailearena da, beti", adierazi zuten hainbat emakumek erasoen gaineko auziaren harira urrian egindako prentsaurrekoan.

2017ko uztailean kanporatu zuten Varela Donostiako Piratetatik eta Ezker Abertzalearen egituretatik, emakumeei egindako eraso horiek tarteko. Erasoa jasan zuten zenbait emakume Tximeleten Reboluzioa dinamikaren baitan antolatu ziren, erasoak kudeatzeko. Hamar emakumek Varelaren kontrako auzibidea abiatzeko hautua egin zuten. Azken jakinarazpenen arabera, auzitegietako bidea bukatutzat emango dute, bi aldeak akordio judizial batera iritsi direlako. Varelak egindakoa aitortu eta halakorik berriro gerta ez dadin lanketa bat egiteko prest azaldu izanak eman dio bide bi aldeen arteko akordioari.

Tximeleten Reboluzioa dinamikako kideen adierazpenak jaso ditu Berriak, eta horietan azaldu dutenez “ez genuen eta ez dugu justizia sistema espainiar eta matxistan sinesten, ezta zigorrean oinarrituriko erreparazioan ere: horregatik erabaki dugu kalte-ordainei uko egitea. Bide guztiak jorratu nahi genituen, ordea; gure minari erantzuteko gizarteak eskaintzen dizkigun guztiak, eta horregatik jo genuen epaitegietara ere”.

Pertsona bati heriotza sozialik opa ezin zaiola argi izanik ere, oraindik Varelarekin topo egiteko ez daudela prest azaldu dute, eta hargatik eskatu diote beraiekin harremanetan ez jartzeko: “Mina ematen digu oraindik gertaeren oroitzapenak, eta zu ikusita sabela estutzen zaigu. Badakigu egindakoaz kontziente zarena, eta, beraz, behar dugun distantzia hori errespetatzea eskatzen dizugu”. Zauriak oraindik sendatzear daudela adierazi dute.

Prozesu guztian zehar izandako elkartasunagatik eskertuta agertu diren arren, emakumeek jakinarazi dute beraien ustez hausnarketa sakonagoak egin behar direla “botere harremanen, militantzia ereduen, genero sistemaren, eta eraso sexual eta sexisten inguruan”.