argia.eus
INPRIMATU
Akitania Berrian, Rousset sozialista indartsu bigarren itzuliari begira
  • Alain Rousset Akitania Berria eskualdeko Kontseiluko presidentea nagusitu da lehen itzulian, botoen %28,84 bildurik. Alderdi Sozialistako hautagaia da eta 1998az geroztik du eskualdeko presidentearen aulkia atxikitzen. Eskualde mailako hamabi departamenduetan lortu du lehen kokatzen.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko ekainaren 21a

2015ean bezala, aldi honetan ere eskuin muturra ukanen du parean, azken hau bigarren ateraturik ekainaren 20ko hauteskundeetan. Rassemblement National alderdiko Edwige Diazek %18,21 eginik, bigarren itzulira pasatzea lortu du (nahiz eta zundaketek aurkakoa aurreikusi, 2015ean baino emaitza txarragoak egin ditu eskuin muturrak Akitania Berrian).

Bigarren itzulira aurkezteko aukera dute %10eko langa gainditzen dutenek. Hori horrela, Martxan-Modem koalizioa (%13,71), eskuineko Errepublikanoak alderdia (%12,46) eta Europe Ecologie hautagai ekologista (%12,08) gelditu daitezke lehian.

Beste behin ere, Roussetek bidea nahiko erraza dauka, ikusirik eskuineko hautagaiek zailtasunak dituztela elkartzeko. Alderdi Sozialista eta Europe Ecologie negoziaketetan dabiltza, aurrekoan bezala gehiengoa osatzeko helburuarekin.

Parte-hartze biziki apala izan da (%35,91) eta bigarren itzulirako ere abstentzio handia aurreikusia da.

Ipar Euskal Herrian ezkerra nagusi

Alderdi Sozialista atera da lehen Ipar Euskal Herrian, botoen %25 inguru bilduz eta bigarren kokatu dira ekologistak (%15 inguru). Beste aldean, eskualde mailan baino emaitza txarragoak bildu ditu eskuin muturrak Pirinio Atlantikoetako departamenduan: Alain Roussetek bozen %29,75 eta Edwige Diazek %13,50. Parte-hartzea ere pixka bat altuagoa izan da Pirinio Atlantikoetan: %38,59.

Abertzaleek ez dute hautagairik aurkeztu aurten, ez eta ere sostengurik adierazi.