Chick Corea & The Vigil eta Paco de Lucia. Uztailak 20, Gasteizko Jazzaldia.
Jende andana eserleku bila. Gaueko bederatziak, kontzertua hastear eta urduritasuna nabari zen. Aulkien jokoa. Baina oraingoan, musika hasterako behar genuen guztiak eserita egon. Eta ez zegoen erraza!
Azkenekoz, bokadiloak aulkitik kendu, lekuak libre zeudela aitortu eta gurekin errukitu ziren batzuk, eskerrak. Monitore teknikarien ondotik ikusi genuen kontzertua.
Chick Corea eta The Vigil banda jotzen hasi eta baten bat aukera minimoaren zain zegoen, buila bat botatzeko, txistuka hasteko... festa gogoa zegoen han. Guztiak ederki aritu ziren, Tim Garland saxoa eta Christian Mc Bride baxua bereziki. Baina sorpresarik ez, egia esan. Bero zen. Gero eta beroago. Musika bero bai baina gradu zentigraduak gora eta gora zihoazen. Eta atzean genituen esatari espontaneo “jakitun” batek besteari, kontzertuaren nondik norakoa erretrasmititzen zihoazenak, solo bakoitzaren analisia egiten zigutenak momenturo, batean bota zion: “Ikusten al duzu urrutiko laino hori? Gure izerdiaren lurrina da, hemen argaltzen ari gara denok”.
Eta Paco de Lucia atera eta bakarka jotzen hasi zen. Gitarraren soiltasunak eta isiluneek oraindik airea masago bilakatu zuten. Eta argipean kea ikusten zen. Lurrinaren kiribildurak ziren haiek, han ez baitzen bestelako kerik. Gero eta beroago zen. Eta isiltasuna, abanikoek mugitutako aire masa beroaren kiribilak eta Pacoren arpegio flamenkoek pixkanaka bere mundura eraman gintuzten. Barkamena eskatu zuen Pacok, gitarra joleek bakarrik egiten dakiten moduan, erdi jo, erdi hitz egin, erdi gitarra afinatzen zuen bitartean; bero harekin sokak erotu egiten zirela esan zigun. Harritu egin ninduen: uste nuen etxean bezala sentituko zela hainbeste abaniko eta bero harekin, “ez al da ba beroa gitarra flamenkoen habitat naturala?”, buelta eman eta atzekoei galdetzekotan egon nintzen. Hori bakarrik falta zuten.
Ondoren Paco de Luciaren taldea atera zen, palmero eta guzti. Mendizorrotzakoa oholtza flamenko bilakatu zuten. Haiek ziren animoak batzuk besteei, benetan festa bat zirudien beraientzat ere. Ia borobilean eserita, esanguratsua da flamenkoak oholtzan hala jarrita aritzea. Akelarre flamenko baterantz eraman zuten Mendizorrotza, gero eta beroago. Antonio Fernandez Montoya “Farru” dantzan hasi eta buelta bakoitzean ura isurtzen ikusten genuen fokupean, pelikuletan kamara geldoan jarriko luketen eszena poetikoak sortuz. Jendea zorabiatzekotan zegoen ia, dantzan hasteko gogoz (baina nola?!) edo txaloka hastekotan (baina nola?! Horiek erritmoen korapiloak!). Beraz, denak han. Gehienez abanikoei eragiten.
Eta azkenekoz iritsi zen guztiok espero genuen momentua: Paco de Luciaren taldeari Chick Corea lotu zitzaionekoa. Gauerdia zen eta hiru orduren ostean, beroa benetan gogaikarri bilakatua zen. Batzuk ja joaten hasi ziren. Jotzen hasi eta barne monitoreak itzali egin ziren eta han zebiltzan denak ero, denak mugitzen, musikariak nahi zutena eskatzen, teknikoak linterna eta guzti oholtza azpian... guztia musikak aurrera egiten zuen artean. Arazoak konpondu eta euren abesti mitikoa jo zutenean, nahiz eta entsegurik gabe ari zirela nabari zen, nahiz ez jakin ondo taldeak zenbat errepikapen eta nola, jendeak unisonoan abestu zuen koroa, bazekitelako. Eta gau osoa festa horren zain bezala egon zirelako. Benetako festa izan zen hura. Lau ordu eta erdiko saunaren ostean, festa lurrunez blai atera ginen handik.