argia.eus
INPRIMATU
Akainak uxatzen dituzten loreak

Jakoba Errekondo 2020ko ekainaren 18a
Argazkian, Indiako krabelinak edo tageteak, tomate eta uraza artean.

Akainek gustuko dute gure lagun baten larrua. Ia mendira joaten denero, akainez josita etxeratzen da, eta egunetako lana izaten du haiek topatu eta garbitzea; berrogeitik gora ere etxeratu izan ditu.

Geurean akaina ez da herenegun bazkalondoko kontua. Oso ezaguna dugu, begira zenbat izen topatu ditudan, eta besterik ere izango du: akain, bakasta, kapar, akenzore, zigar, lakasta, akein, lakain, bakasta txipi, lakats, artapo, kapasta, kaskurri, lapar eta itain.

Etxea mendian eta mendia etxe baduzu, akainez inguratuta bizitzea gerta dakizuke. Urrutira gabe dituzun abereek eta animaliek, ardiak, katuak, behiak, txakurrak eta abarrek guk bezalaxe akainak izan ditzakete apopilo; eta erasoa larria izan daiteke: zenbait akainek Lyme-ren gaitz ikaragarria kutsa dezake ausiki egiten duenean.

Etxean etxekoak behintzat babesteko aukera badugu. Akainak uxatzen dituzten landareak jarri etxe inguruan: baratzean, balkoian, lorategian, terrazan, leiho koskan, bide aldamenean... Hedatuko dituzten lurrinak guretzako atseginak dira, baina akainek gorroto dituzte. Usainagatik jarriko ditugu batzuk, jangarriak direlako beste batzuk eta beste batzuk ederrak direlako.

Txortaloak (Mentha pulegium) akainak bezala eltxo eta euliak ere uxatzen ditu; era berean oso polita da, bere lore ubelekin eta bere egoskin ezaguna oso gozoa da. Salbia sendakaria (Salvia officinalis) intsektu odolzaleen amesgaiztoa da, akainak eta arkakusoak uxatzen ditu. Sendabelarra ere bada; hostaje argi iletsu eta lore lilaxkekin, ederra ikusteko; sukalderako ere belar egokia eta usainez jantzia, bi hankako batzuek maite ez badute ere. Asentsio-belarrak (Artemisia absinthium) osagai ezatseginak eta usain mina ditu, uxatzaile aparta da; handia egiten da, kolore gris argia du eta lore laruak. Bortusaia (Ruta graveolens) askoren etsaia da: akainena, baina baita arkakuso, euli, kakalardo, bare eta abarrena ere. Onddoen eta mikrobioen aurkako ezaugarriak ditu. Hostaje urdinska-metalkara du, eta lore hori ttikiak ematen ditu. Indiako krabelinaren edo tagetearen (Tagetes patula) hostajearen usain ahulak eta sustraiek lurpeko nematodoa, euli zuria eta noski, akaina aldenduko dituzte. Lore dotorea du eta erraz hazten da. Ezkaia (Thymus comunnis) betirako lagun beharko genuke: akainak uxatzeaz gain usain ederra du, loraldi ttiki politta eta sukalderako bidelagun aparta da. Albahaka edo brasila (Ocinum basilicum) ezaguna da bere lurrinagatik. Egun erdia baino gehiago eguzkitan badago ederki aienatuko du makina bat intsektu. Baratzetik sukalderako bidea azkar egiten duen horietakoa, lore ttiki eta politta du. Urtero berritu behar da, baina merezi du. Larranbiloak edo kamamilak (Matricaria chamomila) duen usaina ere ez dute maite akainek eta abarrek. Guretzako gustagarria da, bistarako bezala ahosabairako. Usain geranioak (Pelargonium graveolens) izenari ohore eginez lurrin nabarmena du eta guretzat gozoa dena akainentzat okaztagarria da. Erromeroa ere (Rosmarinus officinalis) baratzea jantzi, intsektuak eta zenbait lagun usainarekin uxa eta platerekoa gozatuz amaitzeko adiskidea da. Urreliliak edo krisantemoak (Chrysanthemum spp.) piretrina deituriko osagaia du: intsektizida natural indartsua da eta akainak eta abar berarengandik ederki begiratzen dira.

Akainak haizatu, ingurua lurrindu eta jantzi eta ahosabaia gozatu, zer gehiago behar dugu?