argia.eus
INPRIMATU
Akabo Camp Davideko akordioak?

Mikel Aramendi 2023ko urriaren 16a

Orduak eta egunak joan ahala, errotzen ari den gogapena da 2022ko otsailaren 24a baino erabakigarriagoa izan daitekeela 2023ko urriaren 7a XXI. mendeko mundurako. Eta, bidenabar, “Europan aspaldikoak diren nahaste horietako bat” bezala gera daitekeela Ukrainakoa. Horrek berak gudu-zelaian zer ekarriko lukeen igartzen erraz samarra dirudienez, protagonistak ari dira kontuak ateratzen

Gazakoan, ordea, sumatzen ere zaila, baina edonola ere oso arriskutsua, izango den etorkizunak sortutako urduritasuna ari da gainezka egiten. Eta esango nuke “ziurtzat” ematen diren gorabehera asko (guztiak ez esatearren), nola U-7 horren genesiari buruz (Iranen “inplikazioa”, demagun), hala borroken bilakabidearen inguruan, asmakeriak eta desioak direla, beste ezer baino gehiago. Gerrako propaganda hutsa ez direnean. Ikaragarri baitabil horretatik ere. 

Eginbidean leudekeen jarduera militarrak ezagutu ezin ditugunez, politikari arreta jarri beharko diogu. Eta atentzioa ematen du krisiaren lehen ondorio potoloa izan daitekeena zein isilpean geratzen ari den. 

1978ko irailaren 17an –arestian bete dira 45 urte–, sinatu ziren Marylandeko Camp Daviden bi dokumentu: Ekialde Ertaineko bakerako esparru-dokumentua eta Egipto eta Israelen arteko bake-tratatua burutzeko esparru-dokumentua. Sinatzaileak, Sadat, Egiptoko presidentea, eta Begin, Israelgo lehen ministroa, J. Carter, AEBko presidente, fede-emaile eta bermatzaile zela. Camp Davideko akordioak deitu ohi dira harez geroztik. 

Berehala, Bakearen Nobel Sariaren irabazle bihurtu ziren bi sinatzaileak; eta handik sei hilabetera, 79ko martxoan, sinatu zen bi herrialdeen arteko bake-tratatua. Hitzarmen horiexek funtsatzen dute gaur egungo Gazako Zerrendaren eta Sinaiko mugaren nondik norako guzti-guztia. Betearazpena irrigarria izan bada ere. 

1981eko urriaren... 6an, huts egindako hainbat saioren ondoren, Khalid al-Islambuli tenientearen pelotoiak, desfile baten erdian, tiroka akabatu zuen Sadat hargatik. Baina Mubarak, haren oinordekoarekin ere, indarrean jarraitu zuten akordioek. Eta M. Morsi zibilaren agintaldia erauzi ondoren, baita A.F. el-Sisi egungo presidente militarrarekin ere. Orain arte. 

Hitzarmen hari esker, Estatu Batuen atzerrirako laguntza militarrik handiena jasotzen duen bigarren herrialdea Egipto izan da 40 urte hauetan. Lehena zein den, asma zeuk. 

Betiere Egipto kate motzean lotuta edukitzeko baliatu den dirutza horrek, ordea, gorabehera xelebreak pairatu ditu azkenaldian AEBen. Besteak beste, Bob Menendez senatariaren kulebroiaren kontura. Baina beste zutabe bat beharko dugu hori xehe azaltzeko. 

Orain ikusi beharko da zein heltzen den lehenago Josafatera, Camp Davideko akordioa ala haren fede-emailea, Jimmy Carter