argia.eus
INPRIMATU
AKAB sortu dute, herri mugimenduetako abokatuen sarea
  • Statu quo-a bermatzen duten instituzio eta legeen aurrean herri mugimenduak "ahaldundu" asmoz sortu dute sarea. Herri mugimenduetako parte diren hainbat abokatu elkartu dira, Aske Guneetako esperientziak abiapuntu.

Topatu.eus @topatu_eus 2018ko maiatzaren 21

Herri mugimenduak "ahaldundu" eta horientzako tresna bat edukitzeko asmoz sortu dute AKAB Askatasun Kolektiboetarako Abokatuen sarea. Herri mugimenduetan aritzen diren hainbat abokatuk osatu dute sarea, Aske Guneetako esperientziak oinarritzat hartuta: "Bertan sortutako egoerak bultzatu gintuen lurrean eserita egonda parte hartzetik, gure ezagutzaren bitartez parte hartzera". Ordutik "okupazioak, jai herrikoiak, mugimendu feminista, plazen okupazioak, gazte errepresaliatuak, euskal preso eta iheslari politikoen aldeko ekimenak, mozala jarri nahi izan dieten herritarrak, ikasle mugimendua, mugimendu internazionalista, mugimendu desobedientea, gaztetxeak, etabar luzea" ezagutu dituzte abokatu paperetik; "beti ere, mugimenduekin batera kalean parte hartuz eta haien autonomia errespetatuz eta babestuz".

Horretan jarraitzeko asmoa daukatela nabarmendu dute, statu quo-a bermatzen duen lege eta instituzio injustuei aurre egiteko: "Ezarritako statu quoa zalantzan jarri dezakeen edozein eragile etsaitzat jotzen da, eta ideia hori garatuz diseinatu dira Kode Penalaren 2015eko erreforma eta Mozal Legea. Dena den, Euskal Herrian aspaldiko kontua da hau, eta azken erreforma horiek azken hamarkadatan izandako joera errepresiboa birmoldatu baino ez dute egiten. Hain juxtu ere horregatik, uste dugu Herri Mugimenduak behar duela Askatasun Kolektiboetarako Abokatuak bezalako tresna".

Albiste hau Topatuk argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.