argia.eus
INPRIMATU
1.500 lagunek harrera egin diote Ivan Colonnaren gorpuari Korsikan
  • Martxoaren 21ean zendu da preso korsikarra, duela hiru aste pairaturiko jipoiaren ondorioz. Martxoaren 25ean eginen dituzte ehorzketak Cargese herrian.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko martxoaren 24a
Gorpuaren heltzea, Ajacciora (Irudia: Corse Matin)

Martxoaren 23 gauean arribatu da Yvan Colonna presoaren gorpua Korsikara, 1.500 lagunek bideratu harrera eta agurtze hunkigarriaren artera. Ajaccioko aireportu inguruan batu da jendetza eta ehunka lagun izanda ere, isiltasuna nagusi zen gorpua zeraman autoa jende artetik pasatzerakoan.

Corse Matin komunikabideak egin zuen unearen jarraipena twitter bidez:

 

Cargese herrian ehortziko dute martxoaren 25ean, arratsaldez.

"Yvan Colonna korsikar abertzaleak beti aldarrikatu izan du bere errugabetasuna, etengabean borrokatu izan da Justiziak hobengabe aitortzearen alde. Injustizia eta tragedia da bere heriotza, Korsikaren eta korsikarren historia garaikidea markatuko duena. Doluaren eta baitaratzearen tenorea dugu”. Horiek dira Gilles Simeoni Korsikako gobernuburuaren hitzak, presoaren heriotzaren berri ukan eta berehala plazaraturikoak. Martxoaren 21ean zendu da Colonna eta orduz geroztik doluak eta beilek hartu diete lekua protestei. Ikusteke dago ondoko egunetan zer nolako bilakaera hartuko duen korsikar abertzaleen haserreak.

Martxoaren 1az geroztik koman

Martxoaren 1ean sartu zen koman 2003 urteaz geroztik preso zen independentista, beste preso batek zortzi minutuz emandako jipoiaren ondorioz. Protestak segituan piztu ziren Korsikan –manifestazioak, okupazioak, blokeoak, elkarretaratzeak–, eta hainbat gau eta egunez nagusitu da kale-borroka. Giroa baretzeko bidean, Frantziako Gobernuaren partetik urratsak "ezinbestekotzat" dauzkate korsikarrek. Colonnaren heriotzari buruzko "egia eta justizia" eskatzen dituzte, baita Korsikaren ezagupena ekarriko duen benetako bake prozesua ere.

Korsikaren autonomiaren alde da korsikarren gehiengoa, eta tentsioak baretzeko xedez martxoaren 16an irlara egindako bisitan estatus hori bideratzearen alde agertu da Frantziako Barne ministro Gerard Darmanin. Ikusi beharko da zer dagoen adierazpen horren atzean: hemendik bi astetara diren Frantziako hauteskunde presidentzialen aitzineko promesa eder bat ala benetako konpromisoa.