argia.eus
INPRIMATU
Aizkolariek salatu dute Federazioak ez dituela “hitzemandakoak” bete
  • Lehen mailako aizkolari guztiek eta bigarren mailan ari diren zortzik agerraldia egin dute asteazkenean Diman, Herri Kirol Federazioarekin dituzten desadostasunak plazaratu eta urri-azarorako txapelketa propioa antolatu dutela iragartzeko.

Jon Torner Zabala @jtorner 2020ko irailaren 24a
Aizkolariek elkarte bat sortzeko beharraz mintzatu dira, besteak beste / Argazkia: Maxixatzen

Euskal Herriko txapelketa bost bider irabazi duen Aitzol Atutxa eta Iker Vicente egungo txapelduna mintzatu dira prentsaurrekoan. Berria egunkariko Jon Ander de la Hoz kazetariak aletu ditu aizkolariek esandakoak.

"Euskal Herriko herri kirol federazioarekin bilera ugari izan ditugu azken urteetan, baina haietan sentitutako deserosotasunak gero eta indar handiagoa hartu du", azaldu dute, eta gehitu ez direla "hitzemandakoak" bete. Federazioak ekainaren 29an Euskal Herriko txapelketa ez antolatzeko erabakia hartu osteko "utzikeria" salatu dute, eta behartuak izan direla beren aldetik lehiaketa bat prestatzera. Bi jardunaldi izango ditu: kanporaketa Zestoan jokatuko da urriaren 25ean, eta finala Iruñean, azaro bukaeran.

Aizkolariak txapelketa hau hezurmamitzen ari zirela jakitean, Federazioak abuztuaren 20an adierazi zuen baietz, txapelketak jokatuko zirela, baina kirolariek euren bidea egitea erabaki dute, eta ez dute Federazioak antolatutakoan parte hartuko.

Besteren artean, aizkolariek azaldu dute egoera zein den aintzat hartuta elkarte bat sortzeko "beharra" ikusi dutela, "guztion interesak defendatuko dituena eta etorkizunean txapelketak antolatzeko ekimena izango duena".