Aizarnako bizilagunak (Zestoa) oso kezkatuta agertu dira azken asteotan auzoan neurri handiko kamioien “etengabeko” presentzia dela eta. Herri Elkarteko kideek adierazi dutenez, ibilgailu horiek herritarren segurtasuna arriskuan jartzen dute Iraetatik Bentaberrira doan errepidean, baita auzoko plaza inguruan ere. Araudia betetzen ez duten kamioiak pasatzen direla azaldu dute elkarteko kideek. ”
Aizarna eta Bentaberri lotzen dituen bidetik hamabost tonatik gorako ibilgailuak pasatzea debekatuta dago” adierazi dute. Urte bete luzez dabiltza aizarnarrak gai honekin borrokan eta Udalak “utzikeriaz” jokatu duela salatu dute. “Gure kezka herritarron segurtasuna bermatzea da. Egunero haur eta helduak biltzen gara plazan eta inguruetan eta ez gara seguru sentitzen”. Elkarteko kideek azaldu dute ez dutela egur-zaleekin inongo arazorik izan nahi, ez dutela ezer euren aurka.
Josetxo Mendizabal alkatearen esanetan, “egurra atera beharra dago, zuhaitz asko gaitzak jota daude eta beste asko duela hogei urte inguru landatu ziren eta orain kendu egin bihar dira. Lau edo bost urtez jarraituko dute Aizarna inguruko lurretatik egurra ateratzen”. Mendizabalek dio, gehienez 26 tonako pisua eta hiru ardatz dituzten ibilgailuek dutela bide horretatik pasatzeko baimena, baita ibilgailu berari atoia jarrita ere. “Badakigu legea betetzen ez duten kamioiak dabiltzala azken asteetan lanean. Diputazioak ez ditu arrunki “trailer” deritzogun hauek baimentzen eta ertzaintza jakinaren gainean dago”.
Segurtasuna bermatzeko har ditzaketen neurriak aztertzen dabiltzala azaldu du Mendizabalek. “Iraetatik Bentaberrira igotzeko eta jaisteko errepidearen hasieran kamioiak lanean dabiltzala ohartarazteko kartelak jartzea baloratzen gabiltza. Herri Elkarteko kideen esanetan ordea, neurri horrek ez du arazoa inolaz ere konpontzen. “Kartel horiek edonork kendu edo alda ditzake. Gainera, askotan, lanean ez dabiltzanean ere jarrita uzten dituzte. Alkatearen esanetan, auzoko plaza ingurutik auto asko azkarrago pasatzen dira eta askotan, arrisku handiagoa sortzen dute, kamioien tamaina handia da baina abiadura motelagoan ibiltzen dira.
Urola Kostako Hitzak jaso zuenez, Aizarnako Herri Elkarteak kamioi handien presentziaren inguruan agertuta “kezkari” irtenbidea ematen saiatuko da Zestoako Udala. Josetxo Mendizabal alkateak azaldu duenez, gaur egin dute gaia lantzeko Hirigintza Batzordea, eta han erabaki dute hainbat neurri hartea. Mendizabal jakitun da kamioiek errepidean nahiz Aizarnako herrigunean sortzen dituzten arriskuez. Hark dioenez, baina, egurrak ateratzen jarraituko dute baserritarrek eta egurzaleek datozen bizpahiru urteetan, eta arazoari irtenbidea emateko, erabaki dute kamioien inguruko hainbat seinale jartzea kaskoan eta abiaduraz ohartarazten duten beste batzuk jartzea Aizarnako sarreran. Horrez gain, elkarteko kideekin bilduko dela adierazi du alkateak, zer neurri har ditzaketen aztertzeko. “Egia da arriskua sortzen dela, baina guk ezin dugu askoz gehiago egin”.
Aizarnako Herri Elkarteak helarazi dizkigun irudi batzuk: