argia.eus
INPRIMATU
Aiuri Antiespezistak eta Eleak-Librek salatu dute
“Mozal Legea aplikatu digute eta gure borroka nahiak piztea besterik ez dute lortu”
  • Aiuri Antiespezistako militanteek, Eleak-Librerekin batera, prentsaurrekoa eskaini dute Ermuko plazan ostiral arratsaldean, erresistentzia pasiboa erabiltzeagatik Mozal Legea aplikatu dietela salatzeko. San Tomas egunean Donostian Ursula txerriaren erakusketa galarazten saiatuz, Askekintzak antolatutako ekintzan parte hartu zuten Aiuriko hiru kidek zigorra jaso dute.

ARGIA @argia 2018ko ekainaren 04a
Prentsaurrekoa eskaini dute Aiuri Antiespezista eta Eleak-Libreko kideek.

"Aske izan nahi duen norbanako sentikor bat hamabi orduz, objektu gisa plaza batean erakustea salatu genuen. Beste espezietako norbanakoak errespetatu egin behar dira, ez dira objektuak. Ekintzaren ondorioz, hamabi pertsona zigortu dituzte Mozal legearekin, guztira 7.200 euroko isuna ezarriz", adierazi dute.

Auri Antiespezistako militanteek azaldu dute ekintzan parte hartu zutela, eta ondorioz 1.800 eurorekin zigortuak izan direla.

"Argi dago Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak ez dutela Mozal Legea albo batera uzteko interesik, eta honekin herri mugimenduak zapaltzen jarraitu nahi dutela. Isun hauekin ekonomikoki mindu nahi izan gaituzte, baina horrekin gure borroka nahiak piztea besterik ez dute lortu", adierazi dute. "Gure herrietan borroka anitzak jorratzen dira, batzuetan helburu ezberdinak dituztenak. Baina argi dugu datorren lekutik datorrela, duen kolorea duela, errepresioaren aurrean batera aurkituko gaituztela".

Eleak-Libretik elkartasuna adierazi diete ekintzaile antiespezistei. Gogorarazi nahi izan dute bai Eusko Legebiltzarrak, baita Donostiako Udalak ere, Mozal Legearen aurkako iritzia plazaratu zutela. "Hala ere, euskal jendarteak arbuiatzen duen lege hau aplikatzen jarraitzen dute euskal instituzioek".

"Mugimendu sozialok askotan eskatu dugu lege hau indargabetzeko, herritarron eskubide zibil eta politikoak urratzen dituelako". 2015 eta 2017 bitartean Hego Euskal Herrian 11.000 aldiz baino gehiagotan aplikatu dutela salatu dute.

"Norbaiti normala iruditzen zaio Donostiako Udaltzaingoak egindako informe batengatik, Euskal Herriko mugimendu antiespezistako kideei 7.200 euroko isuna jartzea?", galdetu dute. Diru bilketan lagunduko dietela jakinarazi dute.

Jarraian prentsaurrekoa osorik ikusgai.