argia.eus
INPRIMATU
Aitzol Gogorza preso gaixoaren aldeko mobilizazioak egin dituzte asteburuan Errenterian
  • Aitzol Gogorza presoaren egoera salatu eta irtenbide bat eskatzeko hainbat mobilizazio egin dituzte asteburu honetan Errenterian. Aurreko astean lau eguneko baraualdia egin zuen presoak, 100.2 artikulua aplikatu eta zigorra etxean bete dezan eskatzeko.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko otsailaren 27a
Sarek larunbatean egindako elkarretaratzea. (Arg.: Sare)

Larunbat eguerdian Sarek deitutako elkarretaratzea egin zuten Herriko Plazan. “Aitzol etxera! 100.2 art. orain” deialdiarekin ehunka pertsonak egin zuten bat. Sarek galdegin zuen ea estatuak zergatik ez duen bere legea betetzen, eta 100.2 artikulua aplikatzeko eskatu zuen. Neurri horrek espetxealdi arindua ekarriko lioke Gogorzari.

Igandean, berriz, Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren kontrako mugimenduak manifestazioa egin zuen, eta horretan ere ehunka pertsona bildu ziren. 17:30ean abiatu zen manifestazioa udaletxetik, eta Gogorza eta gainontzeko preso gaixoen askatasuna eskatu zuen.

Gogorzak nahasmen obsesibo konpultsiboa pairatzen du eta laguntza psikiatrikoa behar du. 19 urte daramatza preso, eta horietan bi odolbildu izan ditu eta 27 aldiz eraman behar izan dute erietxera.

Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren kontrako mugimenduak deitutako manifestazioa. (Arg.: Amnistia Garrasia)